Hamabost pertsona intoxikatu dira kea arnastuta, Herreran izandako sute batean
Jose Elosegi Alkatearen hiribideko 121. zenbakian izandako sutea. (Argazkia: Irutxuloko Hitza) Udalak jakinarazi duenez, hamabost pertsona intoxikatu ziren atzo, kea arnasteagatik, Jose Elosegi Alkatearen hiribideko 121. zenbakian izandako sutean. Martin Ibabe Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziak azaldutakoaren arabera, sutea igandeko 16:30 aldera hasi zen, eraikineko bigarren pisuan; gertakariak ikertzen ari dira, sutearen jatorria ezagutzeko.
Sutearen abisua jaso ondoren, Udaltzaingoa, Ertzaintza eta suhiltzaileak joan ziren hara, eta eraikineko bizilagun guztiak irtenarazi ostean, sua itzaltzeari ekin zioten. Kaltetutako hiru pertsona Donostia Ospitalera eraman zituzten, eta gainerakoak Groseko anbulatoriora; lekura iritsi ziren lehen bi ertzainak ere intoxikatu egin ziren.
Ibabek azaldutakoaren arabera, sutearen eraginez bi eraikineko etxe “oso kaltetuak” izan ziren, eta gainerakoek eragin txikiagoak izan zituzten, sua itzaltzeko erabilitako uraren eta kearen ondorioz; eraikinera sartu ahal izateko, suhiltzaileek hainbat apurketa ere egin behar izan zituztela azaldu du udalak. Kalearen bi erreiak itxi egin zituen poliziak, eta zirkulazioa beste bide batzuetara desbideratu zuten.
Udalak kaltetutako bizilagunei gaua pasatzeko aukera eskaini zietela azaldu zuen zinegotziak, baina “ia denek” ez dituzte udalak eskainitako zerbitzuak behar izan.

