"Etxealdi egoera hasita, Prebentzio Astea online prestatu behar genuela esan ziguten eskolatik"
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko eguna da gaur. Testuinguru horretan, urtero bezala, Prebentzioaren astea antolatu dute Easo Politeknikoko Laneko Arriskuen Prebentzioko Lanbide Heziketa graduko ikasleek, baina itxialdi egoerara egokituta.
Uxue Zabaleta (2000, Leitza) antolakuntzan ari den ikasleetako bat da. Aste honetan gai ugari jorratu badituzte ere —laneko sexu jazarpenak, esaterako—, telelanak zein etxetik kanpo egiten jarraitzen diren funtsezko lanek izan ditzaketen arriskuez eta hartu beharreko neurriez hitz egin du, besteak beste, prebentzio astean jasotako hainbat puntu laburbilduz.
Nola antolatu duzue aurten Easo Politeknikoko prebentzioaren astea?
Normalean, aurrez aurreko hitzaldiak, jokoak eta hainbat dinamika egiten dira eta hasiera batean hori pentsatu genuen guk ere. Baina etxealdi egoera hasita, prebentzio astea online prestatu behar genuela esan ziguten eskolatik. Hasieran kaos bat izan zen. Bideo eta elkarrizketak egin, eta hitzaldi asko antolatu behar genituen, baina denbora gutxirekin genbiltzan. Azkenean, material guztia —hitzaldiak, elkarrizketak, bideo tutorialak— jasotzen duen webgune partekatu edo site bat sortu dugu. Oraindik material guztia ez da publikoa, baina emaitzarekin pozik gaude. Era berean, Eason ikasten duten ikasle guztientzako hainbat galdetegi prestatu ditugu.
Asko etxetik lanean ari garenez gero, zein arriskuri egiten ari gara aurre bereziki?
Estresa. Azken batean lan egin beharra izan dezakezu, baina askotan ez dakizu nola antolatu. Egia da ondo antolatzen jakin duena ere badagoela, ariketa fisikoa egiteko tarteak bilatzen dituena. Baina egoera honek guztiak ezinegona sentitzera eta lur jota gelditzera eraman gaitzake. Gainera, ateratzerakoan kutsatzeko beldurrez bizi bagara, estresa areagotu egiten da.
Ateratzen direnentzat, higiene neurriak bereziki garrantzitsuak bihurtu dira azkenaldian.
Bai. Eta askok uste dute neurriak hartuta edo ez hartuta berdin kutsa daitezkeela. Baina hartzen badira, aukera gutxiago daude.
Zein aholku emango zenizkioke etxetik lanean ari den norbaiti lan arriskuen prebentzioari dagokionez?
Lana ondo planifikatzea eta norberarentzat egokia den errutina bat ezartzea. Adibidez, lehen lantegian lanean 7:00etan hasi izanagatik ere ez da beharrezkoa itxialdian ordu berdinean hastea. Planifikatzeaz ari naizenean, atseden hartzeko tarteak ere planifikatzeaz ari naiz. Noizbehinka aulkitik altxatzea eta leihora edo balkoira gerturatuz haize freskoa hartzea ezinbestekoa da. Eta, noski, gomendagarria da etxe barruan ariketa fisikoa egitea estresa askatzeko, baita osasuntsu jatea ere.
Ergonomiari dagokionez, zer izan behar dugu kontuan?
Denok ez dugu guztiz ergonomikoa den aulki bat etxean, eta hori muga bat da. Baina, edozein kasutan, garrantzitsua da ongi esertzea, bizkarra beti zuzen mantenduz. Era berean, ordenagailua gure begi aurrean izaten saiatu behar gara. Ordenagailu eramangarria badugu, esaterako, azpian liburu batzuk jartzea komeni zaigu, altuera egokian egon dadin. Bestalde, argi egokia edukitzea ere ezinbestekoa da. Ahal heinean naturala izan behar du, baina ezin bada, artifiziala erabili. Dena den, komenigarria da ordenagailua ez egotea leiho baten aurrean, horrek bista nekatu eta buruko minak areagotzen baititu. Eta, lehen adierazi bezala, ordenagailuko argitik aldendu eta tokitik altxatuta atseden hartzeko hamar minutuko tarteak ere bilatzea garrantzitsua da, azken batean ordenagailuko argia parean hainbeste orduz izatea ez baita batere ona.
Eta etxetik kanpo lan egin behar duenak zein gomendio bete behar ditu?
Etxetik atera aurretik, irteteko prestatzea, eskuak eta aurpegia garbituz. Eskularruak, maskarak —ahal heinean, partikulentzat dena eta hirugarren zenbakia duena— eta betaurrekoak erabiltzea babesteko. Eta kotxea ere desinfektatzea barrutik.