Maiatzaren Lehena balkoietara ateratzeko deia egin du gehiengo sindikalak
Kalera ateratzeko eguna izan ohi da Maiatzaren Lehena, baina aurten, konfinamendu neurriak direla eta, beste modu batera egingo dituzte langileek euren aldarrikapenak. Aurreko urteetan ez bezala, LAB, ELA, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek irudi komun bat sortu dute egun horretarako, eta deialdia egin diote langile klaseari ostiralean ikur hori balkoietan eta leihoetan jartzeko. Keinu horrekin, “langileen indarra eta aldarrikapena ikustarazi” nahi ditu euskal gehiengo sindikalak. Herritarrei irudia inprimatzeko edo eskuz marrazteko proposamena egin diete.
Egungo “salbuespen egoerak” mezu komun bat behar duela uste dute sindikatuek, eta bakoitzak bere ekitaldiak egingo baditu ere, egunaren harira sortzen duten edukian presente egongo da irudi koloretsua. “Koronabirusaren krisiak, eta aurretik bizi dugun krisi sistemikoak sindikalgintzaren erantzuna behar du”, adierazi du, esaterako, LAB sindikatuak.
Bizitzak erdigunera
Era berean, Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna da gaur, eta sindikatu gehienek langileen eskubideen aldeko aldarrikapenez bete dituzte sareak. Hain zuzen, kapitalaren interesen aurrean “bizitzak erdigunera” eramateko beharra defendatu dute. Hego Euskal Herrian, 2020an hogei langile baino gehiago hil dira lan istripuz, eta bi desagertuta daude, Zaldibarko istripuaren ondorioz.