Miramongo hiri-antolamendurako plan berezia onartu du udalak
Donostiako Udala bere ohiko jarduerak egitera itzultzen ari da, eta Tokiko Gobernu Batzordeko bilera telematikoa egin dute goizean. Bilera horretan hartu duten erabaki nagusia Miramongo hainbat lurzatiri buruzko Hiri Antolamendurako Plan Berezia eta zonalde horretako araudi orokorreko hainbat gai behin betiko onartzea. Horrela, araudia malgutu du udalak, Miramongo parke teknologikoan ezarri nahi diren enpresei erraztasunak emateko helburuarekin.
Honakoak dira onartu dituzten aldaketen eragin esparruak: Lursailen zatigarritasuna, kirol ekipamendu pribatua ezartzeko aukera eta ezarpen horrekin lotzen diren aldaketak, lursailen artean eraikigarritasuna lekualdatzearen tolerantzia, lursailen lerrokaduraren zuzenketa eta lursailak azpizatitzeko aukerak, oro har industria erabilerak onartzea, erabilera nagusiaren erabilera osagarri gisa edo eduki teknologiko handiko erabilera gisa, komunitate ekipamenduko erabilera baimentzea, lursail pribatuan instalazioak ezartzea, eraikinak seinaleztatzea, aparkaleku zuzkidura, lursail batzuen altuera malgutzea, agortu gabeko eraikigarritasuna lekualdatzea, azaleren zuzenketa eta erdisotoko lokalen bizigarritasun baldintzak.
Belartza
Tokiko Gobernu Batzordeak hartu duen beste erabakia Belartza II eremuko lursail baten inguruko xehetasun azterketa egitea izan da. Azterketa horren helburua Belartzako zonaldeko malda gaineko lerrokadura aldatzea da, beheko solairuaren okupazioa errodadura erreiraino zabaltzeko, horrela, eraikina inguratzen duen terraza eremuaren zati bat estali ahal izateko.