Amara Berriko Fernando Bermejo dultzaineroa hil da
Fernando Bermejo Arruego Amara Berriko bizilaguna atzo zendu zen, 64 urte zituela, gaixotasun luze baten ondoren. Amara Berri, Añorga, Larratxo eta Ibaetako kaleak bere dultzainaz alaitzeagatik ezaguna izan da Bermejo.
Ikasbide Kultur Elkarteko bazkidea ere izan zen. Familiak jendeak helarazitako maitasun keinuak eskertu ditu, eta aditzera eman dute osasun krisia dela eta, agur ekitaldiak familia artean egin beharko dituztela.
Juan Martin Urkola Amara Berriko bizilagunak ondo ezagutzen zuen Bermejo: “Ordu asko sartu zituen Ikasbide kultur elkartean dultzaina jotzen ikasteko, kalera irten arte, eta geroztik hor ibili da hutsik egin gabe, auzoko ia jai guztietan”. Amara Berrin ez ezik, Ibaeta, larratxo, Añorga eta beste hainbat auzotan ere ibiltzen zen dultzaina jotzen. Eta harremana zuen inguruko beste dultzaineroekin, Oiartzun, Pasaia eta Lezokoekin, besteak beste. Gainera, ohitura zuen urtero Laguardian antolatzen zuten estatu mailako dultzaineron konzentraziora joateko.
Mendizale amorratua ere bazen, eta gaztetan iraupen eskia egiten zuen. Jaiotzez Tolosakoa zen, eta maite zituen Tolosako inauteriak; eta han izaten zen urtero.
“Beti zuen irribarre bat ezpainetan, eta beti zegoen edonori laguntzeko prest. Eta bazuen erronka bat, bere inguruan zebiltzan guztiak beti alai, gustura eta pozik ikustea”.