Isuna jartzen badizute, erdibana ordainduko dugu
Ia 200.000 biztanleko hiria da gurea, eta ez dago lesbianentzako taberna edo topalekurik. Ez esplizitu eta esklusiboki, behintzat. Egon zen, antza, baina belaunaldi gazteenok ez dugu ezagutu: horixe da espazio publikoak eskaintzen digun ikusgaitasuna. Etxetik atera ezinda harrapatu gintuen lesbianok gure ikusgaitasunaren egunak (apirilak 26), etxetik ezin ateratzeak kolektibo zapaldu batentzako esan nahi duen guztiarekin. Asko izango dira euren sexu joera onartzen ez duten gurasoekin itxita dauden neska gazteak; beste horrenbeste, bakarrik eta antsietate edo depresio koadroekin daudenak.
Gizarteak berez zailtzen digun topaketa, lesbianon artean zaindu, ezagutu, saretu eta elkar desiratzeko aukera, are murritzagoa da orain. Eta distantzia sozialak harreman sexu-afektiboak eurak ere eragotzi ditu, zenbait kasutan. Gu geu etxetik atera gabe gauden moduan, lesbianon desirak ere lau pareten artean ixtea agindu digute. Deja vu, guretzat.
Besteen gorputzei uko egin behar diegula agindu digu alarma egoerak eta, egoera zaila guztiontzat bada ere, are etsigarriagoa izan daiteke, ahalduntze prozesu batean murgildu eta sexua modu askatzailean bizitzen hasi den bollera horrentzat. Sare sozialen bidez, konfinamenduak hitzetara mugatu du lehen edonolako planek bete zezaketen espazioa, eta horrek badakartza berarekin mugak, baina noski, baita imajinazioari eragin beharraren potentzialtasuna ere. Sexting-ak balio dezake praktika berriak irudikatu, desiratu eta zenbait tabu eta muga hausteko. Konfinamenduaren salbuespen egoera zurruna bera izan daitekeen bezala debekatutako horren morboarekin jolastu eta desira biderkatzeko aitzakia.
«Isuna jartzen badizute, erdibana ordainduko dugu», esan dio Grosen bizi den lesbianak Ibaetan bizi denari, Tinderreko match-aren ostean elkarrizketa batzuk gurutzatu ondoren, asteburuan konfinamendua hausteko plana eginda. Bollera izatea hori ere bada eta: aplikazio batean emakumeak bilatzen dituen emakume bat izatetik harago, ahizpatasuna, zaintza, eta gure praktikekiko konpromiso politikoa. Agintzen diguten hori zalantzan jartzea, desiraren desiraz bihurrikeria bat egiteko bada ere.