Bera Bera Ligako txapelduna da ofizialki
Ofizialki amaitu da eskubaloi denboraldia. Duela bi aste Espainiako Eskubaloi Federazioko zuzendaritzak hartutako erabakia berretsi zuen atzo arratsaldean Espainiako Eskubaloi Federazioko Ordezkarien Batzordeak. Horren baitan, martxoaren 7an etendako ligako sailkapena errespetatzea erabaki dute eta, ondorioz, Bera Bera da 2019-2020 denboraldiko txapelduna.
Liga gelditu zenean, sei jardunaldi falta ziren txapelketa amaitzeko eta Bera Bera lehenengoa zen, 30 punturekin. Jokatutako hamasei jardunalditan talde donostiarrak hamalau partida irabazi, bi berdindu eta ez zuen bat bera ere galdu. Dena den, beste hiru taldek aukera zuten oraindik matematikoki Bera Bera aurreratzeko: Elxek (26 puntu), Mecalia Atletico Guardesek (23 puntu) eta Liberbank Gijonek (22 puntu). Baina, ondo bidean, talde donostiarra izango zen txapeldun. Tati Garmendia Bera Berako arduradunak adierazi zuenez, “nahiago genuen pistan irabazi, baina taldea bolada onean zegoen, partidarik galdu gabe eta nire ustez ondo merezita lortu dugu txapelketa”. Imanol Alvarez entrenatzailea bat zetorren adierazpenarekin.
Ligako seigarren txapela da taldearentzat —txapeldun izan zen 2013an, 2014an, 2015ean, 2016an eta 2018an—. Garaikur honi esker, liga gehien irabazi dituen bigarren taldea izatera pasa da. Sailkapenean desagertutako Mar Valentzia taldea oraindik oso aurretik du, 27 liga eskuratu baitzituen. Bestalde, 6 kopa eta 7 superkopa titulu ere irabazi ditu talde donostiarrak. Beraz, guztira 19 garaikur lortu ditu 2012. urtetik, gutxienez bat urte bakoitzeko.