Donostia Market Place saltoki txikien plataforman izena emateko epea ireki dute
Donostiako Udalak, ekonomia suspertzeko garatu duen planaren barruan, Donostia Market Place Internet bidezko plataforma sortu du, saltoki txikien eskaintza hor bateratzeko. Horrela, saltokiek plataforma horretan jarriko dute euren etxez etxeko eskaintza. Egitasmoan parte hartzeko, saltokiek plataforman izena eman behar dute Donostia Sustapenaren webgunean, doan, hilaren 13a baino lehen.
Plataforman sartu ahal izateko, 49 langile baino gutxiago izan behar ditu enpresak, baita baldintza orokorretan jasotako ekonomia jardueren gaineko zergaren epigraferen batean egon ere. Bestalde, salmenta bonuen sisteman ere sartu ahal izango dira saltokiak; bonu horiek bezeroek eskuratuko dituzte, eta establezimenduak irekitzen direnean aldatu ahal izango dituzte. Herritarrek hogei eurotan erosiko dituzte bonu horiek, eta, ondoren, Donostia Sustapenak %30 gehiago emango die, horrela, euren erosteko ahalmena handituz. Era berean, Donostia Sustapenak saldutako bonuen zenbateko guztia emango die saltokiei, eta bezeroek 2021eko martxoaren 14a baino lehen aldatu beharko dituzte.
Enrique Ramos Ekonomia Sustapeneko zinegotziak azaldu duenez, merkataritzako, ostalaritzako, artisautzako abeltzaintzako eta nekazaritzako enpresek eman dezakete izena, eta “online plataforma horrekin, Donostian etxez etxe banatzeko bide berri bat ireki da, jarduera ekonomikoaren geldialdi edo moteltze handiko aldi honetan salmentak egin eta likidezia lortu ahal izateko”.