"Aukera bakarra da gure betiko bezeroak are gehiago zaintzea"
Maiatzaren 11n berriro ireki ahal izango dituzte orain arte itxita zeuden saltokiak, konfinamenduaren leuntze neurriak direla eta. Hainbat zerbitzuk, aldiz, aste honetan hasi dute euren jarduna. Azken ia bi hilabeteetan itxita egon dira gehienak, horrek dakartzan ondorioekin. Horietako bat da Antiguako Ondarbide kalean dagoen Tome arropa denda.
Nola eragin dio alarma egoerak Tome arropa dendari?
Martxoaren 14an denda itxi genuen, eta ordutik ez dugu inolako diru sarrerarik eduki. Gastuek aurrera jarraitu dute, eta kasu batzuetan hornitzaileekin negoziatzea lortu dugu, baina, gehienetan, gastuak familia aurrezkien bidez ordaindu ditugu.
Gure negozioan, hornitzaileekin egindako erosketak hamar hilabete lehenagoko kontratuak izaten dira, eta bai uda eta bai negua korapilatsuak izaten ditugu dagoeneko. Beraz, hau guztia ez da une jakin honetako krisia soilik.
Hilabete baino gehiagoko itxialdiak eragin handia izango du guztiongan. Zer ondorio ekarriko dizkizue?
Hasieran, etxekoak bakarrik hasiko gara lanean. Ez dugu uste egoera normalean egongo bagina bezala hasiko garenik lanean. Bestalde, atzeratutako konpromiso guztiei aurre egin beharko diegu. Beraz, gure ustez, krisiaren aurreko egoera antzeko batera nolabait itzuli ahal izateko, 2021. urtera arte itxaron beharko dugu.
Zein aukera edo konponbide ikusten duzu etorkizunean?
Aukera bakarra da gure betiko bezeroak are gehiago zaintzea, beti horretan saiatu izan bagara ere. Bertako jendea baita saltokiak daukan baliorik handiena.
Konfinamenduaren leuntze asteetan, zuenak bezalako dendek segurtasun baldintza jakin batzuk bete beharko dituzue distantzia eta garbitasunari dagokionez.
Guk denbora izan dugu horretan pentsatzeko, eta aste honetan hasi gara dagoeneko aldez aurreko hitzorduekin lan egiten. Hau da, jendeak deitu dezake ordu zehatz batean dendara etorri ahal izateko.
Bezeroentzako, maskara kirurgiko ugari erosi ditugu, baita eskularruak eta eskuak garbitzeko gelak ere. Desinfektatzeko makina ere badugu, eta arropa berrogeialdian uzten dugu, norbaitek probatuz gero. Horretarako, sei probageletatik hiru erabiltzeko utzi ditugu, eta beste hirurak, arropa berrogeialdian uzteko moldatu ditugu. Garbiketak eta desinfekzio lanak momentu oro egiten ari gara dendan aste honetan zehar. Bezeroak lasai egon daitezke.
Zer moduz pasa duzu konfinamendua?
Osasun aldetik, ondo. Baina urduri, baita ere, datozen hilabeteen inguruko ezjakintasunak eraginda.