"Prebentzioa zer den ulertzea kosta egiten zaigu"
Beste saltoki eta establezimendu askok bezala, Ane Ormazabal San Sebastian fisioterapeuta, osteopata eta psikoneuroimmunologoa ere atzo itzuli zen lanera. Martxoan zabaldu zuen kontsulta berria, eta COVID-19aren pandemiak bete-betean harrapatu zuen.
Nola eragin du COVID-19aren pandemiak zure lanean?
Martxoko lehen astean kontsulta berria ireki nuen Antiguan, eta pentsatzen nuena baino hobea izan zen hasiera, egia esan. COVID-19a iritsi zenean, aldiz, beldur asko etorri zitzaizkidan, proiektuen hasierak ekonomikoki oso gogorrak izaten direlako. Nire kasuan, obra batzuk egin behar izan nituen, eta txikiak izan arren, aurrezkiak xahutu nituen.
Koronabirusa hona heldu zenean, lan egiteko aukera nuen berez, baina orduan ez nituen orain ditudan segurtasun baliabideak bezeroen eta neure buruaren osasuna bermatu ahal izateko. Orain Fisioterapia Elkargoak eman dizkigu.
Eta zertan aritu zara egunotan?
Kontsulta itxita izan dudanez, formatzeko aprobetxatu dut: bi ikastaro egin ditut online. Ikasteaz gain, Instagram eta Facebooken informazioa zabaltzen aritu naiz, esaterako elikagaiek gure osasunean duten indarrari buruzko informazioa. Jendeak nire izena ikus zezan egin dut, ezagutzen nindutenek ez ahazteko hor nengoela, eta ezagutzen ez nindutenek ni ezagutzeko.
Orain lanera itzultzeko aukera izan duzu, lehen bezala ari zara? Nola izan da bezeroekin kontaktua?
Esan bezala, ireki berri dudan kontsulta da, beraz paziente gutxik eskatu didate aldez aurretik ordua. Batzuk, aldiz, duela egun asko eskatu zidaten ordua, berriro irekitzen nuenerako.
Eduki ditudan deiak 35 eta 60 urte arteko pertsonak izan dira, gehienak kirolariak eta langileak. Lehenago lesio bat zan dutenak ere baditut. Sexu aldetik, esaterako, ez dut desberdintasunik nabaritu, baina atentzioa eman dit ez dudala adinduen deirik jaso. Beldurragatik, akaso?
Lehenengo aste honek forma pixka bat hartu du. Pentsatzen nuena baino hobeto joan da. Baina ikusita nola kudeatzen ari garen konfinamenduaren arintzea, uste dut konplikatua egingo zaigula etorkizuna pertsonekin kontaktu zuzena daukagunontzat. Prebentzioa zer den ulertzea kosta egiten zaigu, eta orain, ematen du gure nahiak asetzea iruditzen zaigula garrantzitsuagoa.
Nola uste duzu eragin duela honek zure sektorean?
Ez dakit. Espainiako estatuaren eta gure erkidegoaren historia ikusita, oso zaila iruditzen zait erakundeek autonomo bakoitzari laguntzak ematea. Nire ustez, arazoa beste bat da: pribatizazioa, hain zuzen. Lan duin bat izateko indibidualtasunera jo beharra kezkagarria iruditzen zait. Saltoki eta enpresa txikiek ere zailtasunak izango dituzte, baina ez nago ziur nola lagundu dezakegun hori horrela ez izateko.