Donostiako udako jaiak, jaialdiak eta kultur jarduerak, airean
Koronabirusak dena aldatu du denbora gutxian, eta dagoeneko konfinamendua arintzen hasia bada ere, zaila da jakitea noiz itzuliko diren jende pilaketa handiak. Uda gertu dago, baina, agian, aurtengoa ez da ohiko uda bat izango.
Donostia jaiez, kontzertuz eta jaialdiz betetzen da udan, baina COVID-19 birusak hori ere kolokan jarri du. Izan ere, konfinamendua arintzearekin batera, badirudi pixkanaka pandemiak eragindako osasun krisitik ateratzen hasi dela gizartea, baina zaila da aurreikustea noiz ahalko diren jende asko biltzen duten kultur eta aisialdi jarduerak antolatu.
Apirilaren 29an bilera egin zuen Eneko Goia alkateak hiriko kultur eragile nagusiekin –Jazzaldia, Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, eta abar–, pandemiak Donostiako kultur programazioan izan ditzakeen eraginak aztertzeko. Izan ere, Goiaren arabera, kultura “eragile ekonomiko garrantzitsua da hirian, kulturan inbertitutako euro bakoitzak 2,5 euro mugitzen baititu hirugarren sektorean”. Bilera horretan, kultur eta aisialdi egitasmo asko egokitu egin beharko direla erabaki zuten.
Alkatea igandean biltzekoa da Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, Bilbo eta Gasteizko alkateekin eta Gipuzkoa, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundietako ordezkariekin, gaiaren inguruko erabaki zehatzagoak hartzeko helburuarekin.
Donostiako jaiak
Bidebietako Txanpontxo jaiak dira uda partean Donostian egiten diren lehenengoak, eta, aurten, maiatzaren 14tik 18ra ziren egitekoak. Oraindik ez dago erabaki ofizialik, baina Txanpontxoetako jai batzordeko Izaskun Cruzek azaldu duenez, “maiatzean ziur ez direla egingo. Hasieran, udalak esan zigun agian ekainean egin genitzakeela, sanjuanetan, baina nik uste dut ezingo dela”. Horregatik, dena “airean” dagoela adierazi du Cruzek, baina beraiek jaiak prestatzen ari direla, baimena ematen dietenean egin ahal izateko: “Egoera hau hasi zenean ia dena lotuta geneukan, baina atzera bota behar izan genuen. Orain, ekainerako lotu ditugu gauzak, baina ez dakigu orduan egin ahal izango ditugun. Hala ere, udalaren asmoa jaiak egitea da, datak aldatuz. Beraz, ikusiko dugu”.
Horren harira, Mariaje Torres Donostiako Festakeko zuzendari teknikoak azaldu du espero dutela aipatu bileraren ondoren jaiak antolatzearen inguruko jarraibideak jasotzea: “Badirudi datorren astean jaiei buruz irizpide zehatzagoak emango dituztela, dendekin, tabernekin eta jatetxeekin gertatu den moduan”. Hala ere, hiriko jai guztietako eragileekin –auzo elkarteak, jai batzordeak, Donostiako Piratak, eta abar– hitz egiten ari direla nabarmendu du, ahal bezain pronto haiei ere informazioa emateko: “Guztiekin gaude harremanetan, eta elkarrekin lan egiten ari gara jarduera guztiak aurrera eramateko, nahiz eta gero, agian, datak, formatuak, edukiera, baldintzak eta bestelakoak aldatu beharko ditugun”. Torresek ziurtzat jo du jaietako jarduerak moldatu egin beharko direla, hain partehartzaileak ez izateko: “Askotariko aukerak ari gara mahai gainean jartzen, ezartzen diren irizpideen arabera, modu batera edo bestera jaiak ospatu ahal izateko. Hori da guztien nahia, baina ezin da ezer aurreratu, informazioa izan arte itxaron behar dugu”.
Kultur jarduerak
Jaiekin gertatzen den moduan, uda partean izaten dira Donostiako kultur jarduera gehienak, hala nola, Jazzaldia (uztailaren 22tik 26ra), Musika Hamabostaldia (abuztuaren 1etik 29ra) eta Zinemaldia (irailaren 18tik 26ra).
Jazzaldiak aurrera jarraitzeko asmoa du, baldin eta Espainiako Gobernuak hartzen dituen osasun neurriek ahalbidetzen badute. Dagoeneko iragarri dute aurtengo jaialdia ez dela azken urteetan izan den tamainakoa izango, askoz txikiagoa baizik. Jazzaldiak joan den astean egindako adierazpenean, nazioarteko musikariak ekartzea oso zaila izango dela azaldu zuten. Beraz, aurtengo Jazzaldia tokiko zaleentzako jaialdi bat izango da, tokiko musikariekin osatutako programazioarekin. Hala ere, Trinitate plaza jaialdiaren erdigunea izango dela azpimarratu zuten.
Horrela, Miguel Martinek, Jazzaldiko zuzendariak, DK Irratiko Ispilu Beltza saioan azaldu zuen aurten, besteak beste, ez direla Wilco eta Bryan Ferry etorriko: “Bryan Ferry ia konfirmatuta dago 2021ean etorriko dela, eta Wilcorekin lanean ari gara etor dadin”. Era berean, nabarmendu zuen aurten askoz kontzertu gutxiago egongo direla: “20-30 kontzertu izango dira ehundik gora izan beharrean”. Kontzertuak aire zabalean –Zurriola hondartzan, Kursaaleko terrazetan, eta abar– egiteko aukera alde batera utzi zuen Martinek, eta jarduera guztiak leku itxietan egin dituztela esan zuen.
Viktoria Eugenia antzokia izan daiteke leku horietako bat, izan ere, ekaineko egitaraua bertan behera utzi badute ere, Jon Insausti Kultura zinegotziak azaldu du programazioa berreskuratzeko lanean ari direla, eta “maiatzean edo ekainean” simulazioren bat egiteko asmoa dutela.
Bestalde, atzeratu dituzten jarduera guztiei data berriak bilatzeko ahalegina egiten ari direla azpimarratu du Insaustik, baita datozen hilabeteetan kultura beste era batera biziko dutela ikusleek ere: “Kontuan izan behar dugu kultur esperientzia beste modu batera bizi beharko dugula epe motzean: maskarak, eskularruak, edukiera murriztuak, eta abar”. Hala ere, udalaren helburua “sortzaileak zaintzea, tokikoak programatzea eta formatu txikiko eskaintza sustatzea” dela nabarmendu du zinegotziak.
Musika Hamabostaldiari eta Zinemaldiari dagokienez, oso egoera desberdina bizi dute biek. Izan ere, musika klasikoaren jaialdiaren kasuan, bereziki zaila dirudi egin ahal izatea; ikusle kopuruarengatik ez ezik, nazioarteko artista eta orkestra askok euren birak bertan behera utzi dituztelako.
Zinemaldiak, ordea, denbora gehiago dauka aurretik, eta jaialdiaren formatua malguagoa dela iragarri zuen udalak joan den asteko bileraren ostean. Hala ere, ziurra dirudi askoz gonbidatu gutxiago egon beharko direla, eta jaialdia moldatu egin beharko dutela. Hain zuzen, Jose Luis Rebordinos zuzendariak El Diario Vasco egunkariari adierazi zion gaur egun “ezinezkoa” iruditzen zaiola “alfonbra gorriko” Zinemaldi bat egitea.
Kultur ekipamenduen irekiera
Tabakalerak, bere aldetik, ekainaren 1etik aurrera erakusketa aretoa eta Ubik liburutegia irekiko dituela iragarri du dagoeneko. Insaustik azaldu duenez, udalak data berean dauka San Telmo Museoa, hiriko kultur etxeak eta liburutegiak irekitzen hasteko asmoa. Horretarako, Eusko Jaurlaritzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin “erabateko koordinazioan” dabiltzala esan du zinegotziak, baina Espainiako Gobernuak ezarritako baldintzak bete behar dituztela.
Euskal Herriko Unibertsitateak antolatutako Udako Ikastaroek ere garrantzi handia dute Donostian, eta Insaustik nabarmendu du programazioa egoera berrira moldatzeko EHUk izan duen gaitasuna “eredugarria” izan dela.
Hain zuzen, lehenengo asteetako ikastaroak gauzatzeko, Internet bidezko formatuaren aldeko apustua egingo dute, baina ahal den heinean, jarduera presetzialak ere egin nahi dituzte, eta Insaustik azaldu du eurekin “elkarlanean” dabiltzala, “Miramar Jauregia eta hiriko beste zenbait kultur ekipamendu gune seguruak lortzeko”.
Jaietako, jaialdietako eta kultur jarduera guztien antolatzaileak igandeko bileraren zain daude, euren programazioa aurrera eramateko moduak bilatzeko, baina ziurra da aurtengo uda oso desberdina izango dela Donostian.