"Pertsonak dira dendei bizia ematen dietenak"
Urteetan zehar beste arropa denda batzuetan lan egin ondoren, Amaia Corcolesek martxoaren 14an ireki behar zuen bere lehen arropa denda: Zuntz, Konstituzio plazako 7. zenbakian. Alarma egoeraren ondorioz, ordea, ezin izan zuen. Maiatzaren 12an zabaldu ahal izango du denda, alboko atariko obrak amaitzean.
Zure arropa dendaren irekierak alarma egoerarekin bat egin zuen, ezta?
Alarma egoera dekretua baino egun bat lehenago irekitzeko asmoa nuen. Lan eta lan ibili nintzen, dena prest edukitzeko, urduri, ilusioz… Oso azkar aldatu zen egoera. Ezjakintasun handia zegoen, ez genekien itxi beharko genuen ala ez. Parte Zaharreko tabernak ixteko gomendioa eman zenean, konturatu nintzen ezin izango nuela denda ireki.
Nola sentitu zinen ireki ezin zenuela jakitean?
Hasieran beheraldi handia izan nuen. Bi hilabete neramatzan dena prestatzen, guztia kontrolpean. Hala ere, nahiko azkar asimilatu nuen, ez baita nire esku dagoen zerbait. Ez dago buelta asko ematerik, beraz, asimilatu eta aurrera.
Alokairua ordaintzen jarraitu duzu?
Apirileko alokairua ordaindu nuen, baina jabeak maiatzekoa ez dit kobratuko. Hornitzaile batzuek ere ordainketak egiteko epeak 30 egunez luzatu dizkidate. Eskertzekoa da bakoitza ahal duen moduan egiten ari den esfortzua. Beste zenbait gasturen ordainketa ekainera atzeratu dituzte, bestalde.
Zer ondorio ekarriko dizkizu egoera honek?
Hasiera espero baino askoz gogorragoa izango da. Denboraldiaren bi hilabete galtzea asko da. Nire kalkuluak pikutara joan dira, eta negozio berri bat irekitzearen ziurgabetasunari gehituko zaio jendeak egoera berri honetatik irtetean nola erantzungo duelako kezka.
Asteartetik aurrera ireki ahalko duzu denda. Zer aurreikusten duzu?
Positiboa izanda, jendea erosketak egiteko gogoarekin egongo dela pentsatu nahi dut, hainbeste egunetan etxean egon ondoren. Dendetan dena ukitzeko ohitura daukagu, eta hori aldatzea kosta daiteke, baina moldatuko gara. Irekitzeko baldintzak betetzeko ez dut arazorik ikusten, nire kasuan. Denda berria izanik, jendea behintzat kuriositatez gerturatuko dela uste dut. Horrelako denda batek ematen duen arreta askoz pertsonalagoa da.
Zein aukera edo konponbide ikusten duzu, zuretzako eta antzera egon litekeen norbaitentzako?
Batetik, udako merkealdien atzerapena, edo zuzenean merkealdirik ez egotea. Bestetik, erakundeen, bankuen, hornitzaileen eta lokalen jabeen laguntzak ezinbestekoak dira denda txikientzat, baina horiek gerora ere jarraitu beharko lukete, ez baita epe laburrean konponduko arazoa.
Azkenik, kalera irteten hasten garanean, jendeari denda txikietan erosketak egitea eskatuko nioke, inoiz baino gehiago. Denda txikiek kaleei bizitza ematen dieten moduan, dendei bizia ematen dietenak hara gerturatzen diren pertsonak dira. Egin dezagun bakoitzak gure esku dagoena.