Txomiñeneko etxebizitzak egokitu zaizkien pertsonen zerrenda arreta presentziala itzultzean argitaratuko dute
Txomiñeneko babes ofizialeko alokairuko 162 etxebizitzak egokitu zaizkien pertsonen zerrenda prest dauka Donostiako Udaleko Etxegintza zerbitzuak, baina arreta presentziala berrabiarazi arte ez dute argitaratuko. Hala azaldu zuen asteleheneko hirigintza batzordean Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak, baina oraindik ez dago arreta presentziala itzultzeko data zehatzik.
162 etxebizitzak eskuratzeko, 9.300 eskaera jaso zituen Etxegintzak, baina horietako 1.200 prozesutik kanpo gelditu ziren, akatsak zituztelako. Baremazio sistema berriarekin adjudikatu dituzten lehenengo etxebizitzak dira Txomiñenekoak. Hasiera batean otsaila bukaera edo martxoa hasierarako eman behar zituzten etxeak, ondoren martxoa bukaeran emango zituztela esan zuten eta, ondoren, maiatzean. Koronabirusaren krisiarekin, ordea, dena are gehiago atzeratu da.