"Egun argiz" Urgull irekita uzteko eskatu dio Eguzkik udalari
Urgull mendia.San Telmo museoa Eguzki talde ekologistak eguzkiaren argiak irauten duen bitartean Urgulleko sarrerak irekita mantentzeko eskaera egin dio Donostiako Udalari. Talde ekologistaren ustez, konfinamendua arintzeko ezarritako ordutegiekin talka egiten dute parkearenek, izan ere, 70 urte baino gutxiago dituzten pertsonek 20:00etan irten behar dute kalera, eta parkearen ateak 21:00etan ixten dira.
Eguzkik adierazi du pertsona ugari joaten direla Urgullera, “inguru natural, osasungarri eta lasai batean paseatzera”. Halaber, nabarmendu dute Parte Zaharreko, Erdialdeko eta Groseko bizilagunentzat “harribitxi geologiko eta altxor historiko bat izateaz gain, berdegune bakarrenetakoa” dela. “Inork ezin du ulertu konfinamenduaren arintze aldian eta mugikortasuna nabarmen murriztuta dagoen honetan, herritarrei espazio publikoa erabiltzea eta gozatzea eragoztea”, adierazi dute ohar batean.
Era berean, kritikatu dute udalak beste esparru batzuetan “malgutasuna” azaldu izana, eta Urgullen erabilerari dagokionez murrizketak jarri izana: “Alkateak malgutasuna aipatzen du ostalariek terrazekin espazio publiko gehiago okupatu dezaten. Baina ez du malgutasun eta sentsibilitate bera erakusten Urgullez gozatu nahi duten herritarrekiko”.
Azaldu dutenaren arabera, parkeko ate gehienak ixtearen ondorioz, Urgullera iluntzean joaten diren herritarrek “itzulinguru handi bat” eman behar izaten dute irteteko, eta Eguzkik hori ekiditeko eskatu dio udalari. Gainera, gogorarazi dute maiatzetik abuztura “ehunka” pertsona joaten dira mendi horretara, eta horregatik, garai horretarako ere eskatu dute ordutegien zabaltzea.
Eguzki talde ekologistak bideo bat egin du bere eskaerak azaltzeko:

