150 urte bete ditu gaur Union Artesanak
Gaurko egunez sortu zen Union Artesana elkarte gastronomikoa, orain 150 urte. Hain zuzen, aktiboan jarraitzen duen hiriko elkarte zaharrena da, eta haren danborradak beste horrenbeste urte beteko ditu datorren urtean. Urteurreneko ospakizunak San Sebastian Egunean hasi zituzten, eta urtean zehar ere jarduera ugari antolatu dituzte; pandemia dela eta, ezin izan dituzte aurreikusita zuten unean egin, baina atzeratu egingo dituztela jakinarazi dute.
Hala ere, gaurkoa nabarmentzeko eguna denez, ekitaldi telematiko bat prestatu dute elkartekoek: 19:00etan izango da eta Union Artesanaren Facebook profilean eta elkartearen webgunean jarraitu ahalko da. Azaldu dutenez, musika izango da saio berezian, baita pertsona ezagunen eta “lagunen” parte hartzea ere; “hainbat sorpresa” izango direla iragarri dute.
Donostian sortu ziren Euskal Herriko lehenengo elkarte gastronomikoak, XIX. mendearen erdialdean. La Fraternal izan zen sortu zen lehenengo elkartea, 1843tik 1870era iraun zuena. Sute bat izan zen urte hartan bere egoitzan, eta desagertu egin zen. Sutearen errautsetatik jaio zen Union Artesana, urte berean sortu baitzuten La Fraternaleko bazkide ohi batzuek.
150. urteurrenaren harira, IRUTXULOKO HITZAk erreportaje batean jaso zuen elkartearen historia, luze eta zabal, eta gaur egun bazkide diren bi donostiarrekin Union Artesanaren historia eta eboluzioa errepasatu zituen.