Donostia Kirolako udako ikastaroetan aurretiko izen-emate epea astelehenean irekiko da
Donostia Kirolak, UDA kanpainaren barruan, udako kirol ikastaroak eskainiko ditu aurten ere, baina COVID-19ak sortutako egoerara egokituko dira. Alegia, ikastaro bakoitzean parte hartzen duen pertsona kopurua murriztuko da, eta garbitasun eta higiene neurri zorrotzak ezarriko dira kurtso guztietan, erabiltzaileen eta monitoreen segurtasuna bermatzeko.
Ikastaroetan aurretik izen-ematea maiatzaren 18etik, astelehenetik, maiatzaren 21era, ostegunera, egin ahal izango da, eta soilik online, alegia, webgune bitartez edo oraindik zehaztu gabeko aplikazio berri baten bitartez. Maiatzaren 22an, ostiralean, zozketa egingo da.
Erabiltzaile bakoitzak lau ikastaro desberdinetan egin dezake aurre izen-ematea. Era berean, gehienez lau pertsonako taldeetan ere izena emateko aukera dago, zozketan eta esleipenetan elkarrekin joan ahal izateko.
Ondo bidean, ekainaren 22an hasiko dira ikastaro guztiak, igerilekuetakoak kenduta, uztailaren 6an abiaraziko direnak. Edozein kasutan, Donostia Kirolak azpimarratu du hasiera datak eta ikastaroak egiteko lekuak osasun arloko arduradunen agindupean egongo direla.