Donostiako ur saneamenduan gabeziak daudela salatu du berriz Eguzkik
Eguzki Talde Ekologistak hilaren 10ean grabatutako bideo bat zabaldu du, Urumea ibaian, Amara Berriko burdinazko zubitik gertu, orban marroi bat azaldu dela salatuz. Ekologisten arabera, orbana ez da euri ura soilik, ur beltzak dira. Izan ere, azaldu dutenez, joan den asteko euriteen ondoren, auzoko ur beltzek gainezka egin dute, eta ur beltzak ibaira isuri dira, “inolako tratamendurik gabe”.
Eguzkiren ustez, hiriko saneamenduaren gabeziak agerian utzi ditu berriz gertaera honek. Izan ere, Santa Katalina zubian eta Frantzia pasealekuan gauza bera gertatzen dela salatu izan dute ekologistek. Era berean, Santa Katalina zubiaren inguruan ere Metroaren lanek eragindako isurketa bat izan zela salatu zuten otsailean.