Hondartzak udarako prestatzen ari dira, nahiz eta udalak ez dakien nolakoa izango den hondartza denboraldia
Gipuzkoako Foru Aldundiak deituta, Donostiako Udala probintziako kostaldeko gainontzeko udalerriekin bildu da ostegun eguerdian, hondartza denboraldian jarraitu beharreko irizpideak zehazteko helburuarekin. Denboraldiaren hasteko data zehatzik ez dago oraindik, baina erabakiak hartzeko unea heltzen denean, denek gauza bera egitea adostu dute; horretaz gain, ez dute aparteko neurririk zehaztu. Izan ere, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak hondartzen inguruan agintzen dutenaren zain daude kostaldeko udalerriak.
Hala ere, udalak hondartzak prestatzeari ekin dio, eta atzerako hondeamakina bat eta bulldozer makina bat Zurriolan izan dira ostegunean, harea berdintzeko eta profilatzeko. Astelehenean lan berak egingo dituzte Ondarretan, eta asteazkenean Kontxaren txanda izango da. Lan horien nondik norakoak azaldu ditu Marisol Garmendiak, Espazio Publikoetako zinegotziak: “Hondartzak berdindu ondoren, hondarra bahetu eta aireztatuko da, hondartzak ahalik eta gehien garbitzeko, nahiz eta fase horrek eguraldi ona behar duen hondarra lehor eta hobeto bahetzeko”.