Ikusmen murriztua duten pertsonei segurtasun neurriak bete ditzaten laguntzeko eskatu die Begisarek herritarrei
Retinosis Retina Begisare elkarteak kanpaina bat abiarazi du, COVID-19ak sortutako egoeran, ikusmen urritasuna duten pertsonekin “harremana errazagoa eta seguruagoa izaten lagun” dezaten. Kanpainaren bitartez, ikusmen murriztua duten pertsonei laguntzeko eskatu diete herritarrei, besteak beste, ikusmen urritasuna duen norbaiten ondotik igarotzean distantzia errespetatzeko adi egotea eta, arriskuren bat balego, hitzez adieraztea.
Ikusmen murriztua duten pertsonek Ikusmen Murriztua Dut bereizgarria eraman ohi dute, eta egoera honetan elkartetik are gehiago erabiltzeko deia luzatuko zaie.
COVID19a dela eta ezarritako arauak betetzea ez da beti erraza izaten ikusmen murriztua duten pertsonentzat. Esaterako, tunel bisioa duten pertsonek, saltoki bateko ilaran aurrean dutena ikus dezakete, baina ez apur bat urrutiago dutena, eta ilara mugitzean, aurrean duen pertsona jotzea nahigabe. “Urruntze arauak bete behar ez ezik, gure kolektiboak irakurtzeko hurbildu behar du edota ukimena sarriago erabili, beraz, errazago kutsatu gaitezke eta, ondorioz, tentsio handiagoa sentitzen dugu”, azaldu dute elkartetik adierazpen baten bitartez. Kanpaina honen bitartez, hain zuzen ere, euren “harri koskorra” ere jarri nahi dute. Eta, era berean, gizartean sentsibilizazioa eta ulergarritasuna bultzatzea bilatzen dute.