Txirrindularien eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko neurriak hartzeko eskatu du Kalapiek
Kalapie Txirrindularien Elkarteak txirrindularien eta oinezkoen mugikortasuna sustatzeko neurriak hartzeko eskatu die Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari. Askotariko proposamenak egin dizkie elkarteak erakundeei, hala nola, hiriko zirkulazioaren abiadura 30 kilometro ordura mugatzeko, oinezkoentzako gune gehiago egiteko, espazio publikoaren banaketan aldaketak egiteko, semaforoek oinezkoentzat berdean denbora gehiago irauteko, bidegorri berriak egiteko eta bizikletak gordetzeko aparkamendu seguruak egiteko. Era berean, Kalapiek proposamen horien berri emango du datozen egunetan, elkartearen webgunean.
Proposamen horiek ez dira berriak, baina koronabirusaren krisiarekin ahalik eta azkarren ezarri beharreko neurriak direla uste dute Kalapiekoek: “Koronabirusaren pandemia iritsi aurretik, neurri horiek garrantzitsuak ziren jada kutsaduraren pandemiaren ondorioz eta osasun publikoaren onerako. Baina koronabirusak hankaz gora jarri du dena eta, orain, neurri horiek ez dira garrantzitsuak, nahitaezkoak baizik, lehenbailehen ezarri beharrekoak”. Izan ere, Kalapieren arabera, oinez edo bizikletan mugituz gero, errazagoa izango da pandemiari aurre egitea: “Mugikortasun osasungarriago batekin, oinez edo bizikletaz ibiltzen bagara, pandemiari hobeto aurre egingo diogu eta onura bikoitza lortuko dugu, airearen kalitateak eta ingurumenak hobera egingo dutelako”. Mugikortasun aktibo hori sustatzeko, eredua aldatu behar dela nabarmendu dute, “desplazamendu modu aktiboak” bultzatuz, “automobilaren erabilera mugatuta”.
Kalapieren ustez, kutsatzeak ekiditeko hartu beharreko segurtasun neurriak direla eta, garraio publikoaren erailera jaitsi egingo da hurrengo asteetan. Horrekin kezkatuta agertu dira, jendeak auto eta motor partikularrak gehiago erabiliko dituelako. Horregatik, aipatu hiru erakundeei eskatu diete mugikortasun aktiboaren aldeko neurriak hartzeko eta eguneroko mugimenduetarako –laneko joan-etorriak, udalerri batetik besterako mugimenduak, eta abar– irtenbideak proposatzeko. “Hitzetatik ekintzetara pasatu behar dugu; argi ikusi behar dugu denontzat errazagoa eta osasungarriagoa dela oinez edo bizikletaz, eta ez autoz, ibiltzea”, gaineratu dute.