Aitzindariak izan ziren
Lau gazte donostiarrek sortu zuten Los Agaros musika taldea, 1960ko hamarkadaren hasieran. Denbora oso gutxian, arrakasta handia izatea lortu zuten, baita historia egitea ere: lehen rock taldea izan zen Espainiako Estatuan estereo motako LP bat grabatu zuena.
Jose Luis Olabeaga musikazale amorratuaren bidez izan dugu talde honen ibilbide bitxiaren berri. Makina bat talde eta bakarlariren disko bilduma zabala gordetzen du etxean, eta ondo ezagutzen du talde donostiarraren historia. Gainera, behin abeslaria ezagutzeko aukera izan zuen: kontzertu batean, konturatu zen ikusleen artean Los Agaroseko abeslaria zegoela, eta harekin hitz egin zuen.
Donostiako hockey taldean ezagutu zuten elkar Los Agaros taldeko kideek, nahiko gazteak zirela. Iñaki Aiestaran bateria jotzaileak, Miguel Angel Vega baxu jotzaile eta abeslariak, Alejandro Pro gitarristak eta bere anaia Antonio gitarrista eta abeslariak osatu zuten taldea.
Antzeko musika gustua zutela azkar konturatu zen laukotea: Ray Charles, jazza, espiritual beltzak, rock-and-rolla, eta batez ere, hainbeste miresten zuten The Shadows taldea. Hockey makilak utzi, eta hiriko lehenetariko rock taldea sortzea erabaki zuten: Los Agaros.
Berezko soinu errepikaezina lortu zuen laukoteak. Haiek egiten zituzten instrumentu eta anplifikagailuak, Pro anaien aitak lagunduta. Lehenengo urteetan, Donostia inguruan eta Frantzian jotzen aritu ziren. 1962. urtean, Donostiako tenis klubeko dantzaldiak girotzeko kontratatu zituzten. Urte berean, bigarren postua lortu zuten Primer Gran Desfile artista berrien jaialdian.
Diskoaren grabaketa
Taldearen musika ibilbidean aurrerapauso bat eman nahian, zinta bat bidali zuten Madrilgo diskoetxe batzuetara.
Fontana zigilu diskografikoak, garai hartan Fonogramen sail bat zenak, proba bat egiteko deitu zituen. Instrumentuak hartu eta trenez joan ziren Madrilera, pentsatuz gau horretan bueltatuko zirela. Diskoetxeak, ordea, beste pare bat egunez geratzera gonbidatu zituen, zuzenean diskoa grabatzeko.
1964. urteko maiatzaren 15ean izan zen grabazioa, America hiribideko estudioetan, Jose Maria Batlle soinu ingeniariaren laguntzarekin. Zortzi orduan hamalau abestiko LP bat grabatu zuten, estereo moduan eta inongo amarrurik gabe. Garaian ez zen oso ohikoa talde hasiberri batek horrenbeste abesti grabatu ahal izatea.
Los Agaros (Fontana, 1964) diskoarekin estreinatu zen Espainian grabazio eta edizio sistema estereofonikoa. Talde ezezagun honen diskoa izan zen lehenengoa osorik estereon egin zena.
Rock instrumentalean nabarmendu zen taldea, baina lehen (eta azken) LP honetan, era askotako estiloak entzun daitezke, ezusteko grabazioa izan baizen. Beraz, hoberen zekizkiten abestiak, edo dantzaldietan arrakasta gehien izaten zituztenak aukeratu zituzten grabatzeko.
Disko honetatik bi EP atera zituzten. Argitaratu eta hilabete batzuk geroago, Madrildik berriro deitu zituzten lan hura aurkezteko.
Hainbat elkarrizketa egin zituzten aldizkari eta irratsaioetan, eta Madison aretoan aste batzuez jotzeko kontratua lortu zuten. Hala, ezagunak egin ziren hiriburuko gaztediaren artean. Bigarren grabazio bat egiteko aprobetxatu zuten egonaldia. Oraingo honetan, lau abesti besterik ez zituzten grabatu. Haien azken EPa izango zen hau urte bereko abenduan kaleratu zen.
Arrakastaren ostean, amaiera
Donostiara bueltatu zirenean, inguruan eta Ipar Euskal Herrian jotzen jarraitu zuten. Biarritzeko Palais Hotelean jotzea lortu zuten, Frantziako goi-burgesiaren aurrean, hain zuzen.
Madrildik deia jaso zuten, disko gehiago grabatzeko, baina hauek ezezkoa eman zuten. Ez ziren pozik gelditu aurreko grabazioaren soinuarekin eta, are okerrago, ez zeuden batere pozik diskoetxearekin, inposatu egiten baizuen zein abesti grabatu eta zein ez.
1966an banandu egin ziren talde moduan. Erabaki zuten onena izango zela bakoitzak bere ikasketekin eta bideekin jarraitzea. Hala ere, taldekideek entseatzen jarraitu zuten urteetan zehar, gozamen hutsagatik. Banandu ziren urte berean, Brandy enpresak haien lehen EPa berrargitaratu zuen, Disco Sorpresa Fundador bildumaren barruan.
1983an, Club Amigos del Disco Antiguo argitaletxeak vinilo moduan atera zuen Los Agaros taldearen diskografia osoa.
1980ko hamarkadaren amaieran, taldeko abeslari eta gitarristak, Antonio Prok, berriro ere musika proiektu batean parte hartu zuen, Los Estudiantes taldeko Pepe Barrancorekin batera. LP bat grabatu zuten, eta kontzertu batzuk egin zituzten baita ere.
Hauekin bat egin zuen Iñaki Aiestaran bateria jotzaileak hastapenetan –2003. urtean zendu zen–. Beste bi taldekideak ez ziren musika jarduera publikora bueltatu.
50 urte baino gehiagoren ostean, Los Agarosen LPa berrargitaratuko dute, formatu digitalean. Ramalama diskoetxe madrildarra izan da berreskuratze lana egin duena, hamarkada horretako beste hainbat diskorekin egin duen moduan.