Donostiako Udaleko Txistulari Taldearen diana igandean itzuliko da
Koronabirusaren krisia dela eta, Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak bertan behera utzi zituen bere zuzeneko emanaldiak duela bi hilabete, baina igande honetan, hilaren 17an, itzuliko da euren diana, 9:00etan. Parte Zaharreko Konstituzio plazatik abiatuko dira eta auzoko kaleak alaituko dituzte, Txanbolin eta Osintxu zortzikoen eta Ernio eta Itxaropena kalejiren erritmora.
Hala ere, kutsatzeak saihesteko segurtasun distantziak mantentzea beharrezkoa denez, lau musikari arituko dira diana jotzen, ohiko talde bikoitza aritu ordez. Era berean, musikari bakoitzaren artean hiru metroko distantzia mantenduko dute, eta aurpegia babestuta eramango dute.
Zuzeneko emanaldiak egin ez badituzte ere, konfinamenduan zehar taldekideek euren txistu doinuak partekatu dituzte sare sozialetan. Era berean, Piter Ansorena txistulariak diana jo du igandero bere balkoitik. Hedabide honek Donostiak Udaleko Txistulari Taldea hobeto ezagutzeko erreportaje bat egin zuen iazko ekainean.