"Ekoizle ekologikoak beti izan gara oso erresilienteak"
Asier Bastarrika da EtxEKO Azoka egitasmoko ekoizleetako bat, eta 2003. urtetik, ogia eta bestelako produktu ekologikoak ekoizten ditu Aiako Goiabe baserrian.
Martxoa bukaeran, elikagai ekologikoak ekoizten dituen Gipuzkoako baserritar talde batek EtxEKO Azoka egitasmoa jarri zuen abian, COVID-19ak eragindako konfinamendu garaian Donostiako etxeetara sasoiko produktu ekologikoen sortak eramateko zerbitzua, hain zuzen.
Zergatik sortu zen EtxEKO Azoka egitasmoa?
Alde batetik, osasun krisia dela eta, gure merkatu natural batzuk, ostalaritzakoak eta beste zenbaitek, ateak itxi behar izan dituzte. Horrek beste salmenta eredu ezberdinak esploratzera bultzatu gaitu, adibidez, etxez-etxeko banaketa. Beste alde batetik, salmenta zuzenerako egitasmo kolektiboak behar-beharrezkoak direla uste dugu, eskaintza erakusteko unean, baita logistika eta komunikazioa antolatzerakoan ere. Testuinguru honetan kokatzen da egitasmo hau. Honez gain, Donostiako hainbat familiatan piztu den interes hau ikasgai ederra izaten ari da guretzat, eta etorkizunerako norabideetako bat markatzen ari zaigu.
Nola funtzionatzen du salerosketak?
Eskaintza, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilutik bultzatutako plataforma digital baten bitartez plazaratzen dugu, Ekolurra plataformatik. Hor, gure produktuak agertzen dira familiaka antolaturik, eta eskaria egiteko aukera ematen du.
Egitasmoan parte hartzeko, alta eman behar da sareko@eneek.eus helbide elektronikora idatzita. Behin plataformarako sarbidea izanda, produktu guztien katalogoa ikusi daiteke. Banaketa astearte eta ostiraletan egiten dugu. Eskaerak gutxienez bi egun lehenago egin behar dira. Entregak etxebizitza bakoitzaren atarian egiten dira, osasun eta segurtasun baldintza guztiak betez; ordainketa momentu horretan egiten da kreditu txartelaren bidez. Banaketaren errentagarritasuna bermatu ahal izateko, 40 euroko gutxieneko eskaera ezarri dugu.
Zein herritako ekoizleek hartzen dute parte? Zenbat ekoizle dira? Baldintzaren bat bete behar dute? Lehenago saretuta zeuden horiek?
Gure taldean parte hartzeko baldintza bakarra da produktu ekologikoak ekoiztea, eta noski, ziurtagiri guztiak edukitzea. Egitasmo honetan, Gipuzkoako ekoizleak ari gara parte hartzen: Urretxuko Aikur eztiak; Olaberriako Behieko behi gaztak; Altzoko Behieko esne eta jogurtak; Hernaniko OnEin marmelada eta barazki kontserbak, Iparragirre sagardoak eta Telleri Zahar Idiazabalgo gaztak; Errenteriako Zituene pastak; Aiako Goiabe ogiak; Aizarnako Ertxineko arrautzak; Azpeitiko Sakona barazki eta marmeladak; Debako Doniene barazki saskiak; eta Goierriko Goieko taldea, txekor haragia. Guztiak Gipuzkoakoak eta eredu ekologikoan lan egiten dutenak.
Batzuek aurretik beste egitasmo batean hartu zuten parte: Sareko proiektuan. Sektore profesionalari zerbitzua emateko kooperaziozko proiektu pilotu bat izan zen.
Eta, kontsumitzaileak, zein auzotakoak dira? Zergatik egiten duzue Donostian?
Donostiako auzo guztietan. Zergatik Donostian? Bueno, distantzia aldetik eta logistikari dagokionez, oso interesgarria delako guretzako. Distantziak ez dira oso handiak eta pentsatzen genuen gure egitasmoak interesa sortuko zuela hirian. Eta horrela gertatu da.
COVID-19ak nola eragin die baserritarrei?
Argi dago guzti honek gure lanari eta batez ere merkaturatze bideei kalte handia egin diela. Hala ere, ekoizle ekologikoak betidanik izan gara, naturaren moduan, oso erresilienteak. Osasun krisiaren aurretik ere, egoera ez zen erraza guretzat, eta orain ere ez da. Horregatik, oso garrantzitsua da gizarteak ulertzea guk dugun papera, beraientzat ekoiztu daitezkeen elikagai osasuntsuenak eta onenak ekoiztearen papera, alegia.
Hala ere, egoerara moldatzeko moduak jarri dituzte martxan, esaterako, EtxEKO Azoka. Aukera berriak zabaldu dizkizue egoera honek?
Bueno, egiten ari garena berria da. Hau da, Donostiako familiei ematen ari garen eskaintza eta banaketa sistema berria da, modu kolektiboan antolatutakoa, eta beti ere bertako ekoizpen ekologikotik abiatutakoa. Eta bai, espero dugu honek aukera berriak zabaltzea.
Datozen asteak nolakoak izatea espero duzu?
Pentsatzen dugu, eta sortu duen interesa ikusita, esku artean daukagun egitasmo hau etorkizunerako apustu bat dela. Zentzu horretan, lanean jarraituko dugu oraindik proiektu bat dena errealitate sendo eta egonkor bihurtzeko.