Espazio publikoa egokitzeko beharra
Konfinamendua arintzeko neurriek espazio publikoaren erabileraren eztabaida mahaigaineratu dute berriz. Alde batetik, agerian gelditu da kalean ez dagoela herritarren arteko segurtasun distantziak mantentzeko espazio nahikoa. Bestetik, ostalariek terrazen tamaina handitzeko baimena eskatu dute, eta baiezkoa eman die udalak. Hiriko hainbat eragilek, ordea, neurri horrek auzo bizitza eta oinezkoen segurtasuna kaltetuko dituela salatu dute.
Konfinamenduak Donostian irudi ezohikoak utzi baditu, normaltasunerako itzulerakoak ez dira gutxiago izaten ari. Izan ere, herritarrak kalera irteten hasi zirenetik, kaleak ez daude hain hutsak, baina oraindik hiritik ibilgailu motordun gutxi dabiltzanez, bizikletak ohi baino lasaiago dabiltza errepidetik, eta zonalde askotan espaloiak estuegiak direnez, oinezkoek ere errepideak hartu dituzte ibiltzeko edo kirola egiteko. Normalean terrazaz beteta egoten diren gune eta plaza zabalak berreskuratu dituzte herritarrek, izan jolasteko edo paseoak emateko.
Horregatik guztiagatik, espazio publikoaren erabileraren auzia berriz azaleratu da. Izan ere, herritarrak kalera irtetzeko gogoz zeuden, baina, atera direnean, hainbat tokitan segurtasun distantziak mantentzea ia ezinezkoa dela ikusi dute. Gorka Hoyos Kalapie Txirrindularien Elkarteko presidentearen arabera, kalera pixka bat ateratzeko baimena eman dutenetik, “argi geratu da ez dagoela leku nahikoa gomendatzen duten espazio fisikoa mantentzeko. Espazio gehiena ibilgailu motordunentzat bideratuta dagoelako gertatzen da hori”. Ibilgailu motordunekin ez ezik, kaleak terrazekin partekatu behar dira astelehenetik, eta ostalaritza establezimenduek erabil dezaketen espazio publikoaren tamainaren inguruko hausnarketa piztu da.
Terrazak handitu ala txikitu
Hilaren 11tik aurrera ostalaritza establezimenduetako terrazak edukiera %50 murriztuz irekitzeko aukera egongo zela jakin zenean, ostalariek araudia malgutzeko eskatu zioten Donostiako Udalari, krisi honek euren sektorean izango dituen ondorioekin kezkatuta. Euren eskaeren artean zeuden terrazen tamaina handitzeko baimena ematea, eta aukera horrekin bereziki kezkatuta agertu dira hainbat eragile: Parte Zaharreko, Groseko, Egiako, Intxaurrondoko, Aieteko, Herrera-Altzako, Amara Berriko eta Uliako auzo elkarteak, Bizilagunekin plataforma eta Bera Berako komunitateen elkargoa, hain justu. Euren planteamendua “berekoia” zela esan zuen Eneko Goia alkateak joan den astean, baina Xabier Arberasek, Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko kideak, nabarmendu du ez dutela berekoikeriaz jokatu: “Ikusita zenbat pertsonak, familiak eta sektorek pairatuko dituzten krisi honen ondorioak, ematen du hemen dauden arazo bakarrak turismoa eta ostalaritza direla”.
Arberasek azaldu duenez, ostalariak “presioa” egiten ari zirela ikusi zutenean kezkatu ziren. Izan ere, euren ustez, terrazak handitzeak oinezkoen arteko segurtasun distantziak mantentzeko zailtasunak eragingo ditu, baita auzo bizitza kaltetu ere: “Maitzaren 3ko Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialeko 12. artikuluaren arabera, terrazentzako bezain beste espazio bideratu behar da oinezkoentzat. Beraz, non bermatu daiteke Donostian terrazak handitzea, eta, aldi berean, oinezkoen arteko distantziak mantentzeko espazio nahikoa uztea? Ez dago horretarako lekurik”. Udaleko iturrien arabera, ordea, eurek ez dute presiorik jaso: “Ostalariekin izan dugun harremana ona izan da, eta guztiontzako ona den irtenbidea adostu dugu”.
Irtenbide hori terrazak handitzeko eta saltokien erakustokiak kalean jartzeko baimena ematea izan da. Udalak azaldu duenez, “oinezkoen pasabidea oztopatzen ez duten heinean handitu ahalko dira terrazak, hau da, mahai kopuru bera jarri ahal izango da, baina beti segurtasun tarteak bermatuta. Bestela, mahai gutxiago jarri beharko dituzte”. Hori dela eta, kezkatuta agertu da Mikel Agirre Bizilagunekin plataformako kidea: “Oinezkoen artean metro eta erdiko distantzia mantendu behar den moduan, atarien eta terrazen artean ere distantzia hori mantendu behar da, baina gaur egungo araudiaren arabera, distantzia minimoa 60 zentimetrokoa da”. Udalaren arabera, ordea, urte osoan zehar egiten dituzten kontrolen bidez bermatuko dute beharrezko distantziak egotea: “Terraza batek atari hurbilenarekin distantzia handitu behar badu eta, ondorioz, terraza txikitu, hala egin beharko du”.
Eztabaida ez da berria
Agirreren arabera, agerian gelditu da Donostiako ostalaritza ez dagoela tokiko herritarren beharrak asetzera bideratuta, “turistifikaziora” bideratuta dagoela baizik, “behar dena baino askoz eskaintza zabalagoa” dagoelako. Era berean, nabarmendu du kalea “kontsumorako egitura sinple baten moduan” ikusi dela orain arte hirian, eta “espazio publikoaren harrapakaritza moduko bat” existitzen dela.
Bestalde, arazoa hiriko zonalde askotan ikus daitekeela deritzo Agirrek: “Erdialdea, Gros eta Parte Zaharra helburu turistikoekin hartuak izan dira jada, eta lehen pausoak eman dituzte Egian eta Antiguan, besteak beste”. Ildo beretik jo du Arberasek, eta espazio publikoa “eskubide kolektibo” bat dela gaineratu du: “Donostian, koronabirusa heldu aurretik, arazo bat zegoen espazio publikoarekin, beraz, interes orokorraren alde jokatzeko eskatu diogu udalari; terrazen tamaina egokitu behar da, baina txikitze aldera. Izan ere espazio publikoa eskubide kolektibo bat da, auzo izaera eta gizarte harremanak sustatzeko oso garrantzitsua”.
Agirreren aburuz, arazoaren jatorria da Donostiako jarduera ekonomikoa “monolaborantza turistikoa” dela: “Desazkunde turistikoa gauzatzeko unea dela uste dugu. Gure jarduera monolaborantza turistikora bideratu beharrean, zaintza jardueretara edo berrikuntza sozialetan oinarritutako eredu produktiboetara bideratu behar dugu”. Horren harira, udalak azpimarratu du “hiriko sektore ekonomikoen” alde egiten jarraitu duela, eta aurtengo uda ezohikoa izango dela adierazi du: “Donostiarrok hiriko merkataritzan kontsumitu beharko dugu, hau da, saltokietan, tabernetan eta abar. Dena den, deigarria da batzuen jarrera, hau da, alde batetik hiriko merkataritza aktibatzea eskatzen da, eta, bestetik, aktibatzeko behar diren laguntzak emateagatik kritikatu egiten da”.
Bestalde, terrazak handitzeko baimena behin betikoa izatearen beldur da Arberas, izan ere, haren ustez, “salbuespen egoeran hartutako neurriak salbuespen egoera amaitzean bertan behera utzi behar dira, baina hori ostalaritzarekin ez da inoiz gertatu. 2008ko krisi ekonomikoan, esaterako, ostalariek presioa egin zuten, eta euren interesen aldeko udal ordenantza bat lortu zuten. Krisi garaian hartutako neurri hori behin betiko izan zen”. Hala ere, udalak, terrazen baimenen berri eman zuenean, argi utzi zuen alarma egoera bukatzean terrazak bere hartara itzuliko zirela.
Errepideei espazioa irabazi nahian
Kalapie Txirrindularien Elkarteak 30 urte daramatza bizikleta hiriko garraiobide gisa sustatzen eta eurentzako espazio gehiago ahalbidetzeko aldarrikatzen. Koronabirusaren krisiarekin, aldarrikapen horiek are garrantzitsuagoak direla deritzo Gorka Hoyosek, elkarteko presidenteak: “COVID-19aren kutsadura pertsonen mugimenduan datza, eta bizikletan bazoaz kutsatzeko arrisku gutxiago duzu”. “Konfinamendu garai honetan, aukera paregabea ikusten dugu gure eguneroko ohiturak aldatzeko”, gaineratu du. Horregatik, hainbat eskaera egin dizkiote udalari, hala nola, hiriko zirkulazioaren abiadura maximoa 30 kilometro ordura mugatzeko, espaloi estuak dituzten kaleetan zirkulazioa mozteko, bi edo hiru erreiko errepideak dituzten kaleetan erreietako bat bizikletentzat ahalbidetzeko eta oinezkoen eta txirrindularien semaforoek berdean gehiago irauteko.
Eskaera horiek aztertuko dituztela adierazi du udalak, eta gauzatzeko aukera ikusten badute, plan bat garatuko dutela nabarmendu du. Oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna sustatzeko bidetik, udalak bizitegi-kale –gune horietan, zirkulazioaren abiadura maximoa hamar kilometro ordukoa da– bihurtu ditu Eduardo Txillida pasealekua, Cristina Infantaren kalea, Etxague Jeneralaren kalea eta Euskal Herria kalea; eta Segundo Ispizua eta Bermingham kaleetan gauza bera egiteko asmoa du. Era berean, Askatasunaren hiribideko eta Kontxa pasealekuko errei batzuk bizikletentzako ahalbidetu dituzte. Neurri horiekin pozik agertu da Hoyos, baina ez du uste nahikoa direnik: “Udalaren neurriek oso egoera puntual bati ematen diote irtenbidea, baina askoz harago joan behar dugu mugikortasunaren arloan eta espazio publikoaren banaketan”. Ildo horretatik, Parisko eredua jarri du Kalapiekoak, izan ere, konfinamendua arintzearekin batera, hiriko kale nagusietako 50 kilometro txirrindularientzat ahalbidetu ditu Frantziako hiriburuko udalak, 30 kale oinezkoentzat egitearekin batera.
Agirrek hiriko mugikortasun eredua aldatzeko unea dela deritzo ere: “Animaliek hiriak hartu dituzten moduan, herritarrok, ahal izan dugunean, gauza bera egin dugu. Era bisualean ikusi dugu posible dela espazio publikoa oinezkoentzat izatea”. Bestalde, ontzat jo ditu udalaren neurriak, baina horrelako erabakiak auzo bizitza sustatzeko helburuarekin egin behar direla azpimarratu du: “Kaleak oinezkoentzat egiteak ez du zertan positiboa izan behar. Peña y Goñi kalea, esaterako, oinezkoentzat egin zuten eta espazio publikoaren pribatizazio handi bat gertatu da, terrazak handituz eta kontsumora bideratutako gune batean bihurtuz”. Erdialdean ere antzeko zerbait gertatu dela uste du Agirrek: “Oinezkoentzat egin dute ia osorik, baina ez dituzte beste era bateko azpiegiturak eta auzo bizitza sustatu, ekonomia eredu jakin bat baizik”. Udalaren arabera, ordea, horrelako neurrien helburu bakarra “oinezkoek eta txirrindulariek leku gehiago izatea” da, eta “erabaki horien atzean ez dago beste helburu ilunik, nahiz eta batzuek horrela ikusarazi nahi duten helburu maltzurrekin”.