GHK-k zigor espedientea ireki dio erraustegiko enpresa kudeatzaileari, uretara amoniakoa isurtzeagatik
Hilaren 9an Zubietako erraustegiaren azpiko Arkaitzerreka errekastoan arrain ugari hilik agertu ondoren, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zigor espedientea ireki dio Ekondakini, erraustegiko enpresa kudeatzaileari. GHK-ren arabera, Ekondakinek jakinarazi dio hilaren 7an “erraustegitik kanpoko” kamioi batek amoniakoa isuri zuela urtetara, deskarga bat egiten ari zenean. Horregatik, espedientea irekitzeaz gain, gertaeraren berri eman die GHK-k Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Zuzendaritzari, gertatutakoaren garrantziaren inguruan eztabaidatu dezaten.
Era berean, erraustegiko instalazioek urarentzat erabiltzen duten zirkuitu itxiak ondo funtzionatzen duela nabarmendu du GHK-k. Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak adierazi zuen arrainen heriotzak ez zuela erraustegiarekin zerikusirik, baina kontsortzioaren ikerketak isurketa arrainak agertu baino bi egun lehenago egin zela ondorioztatu du orain.
Erraustegiaren Aurkako Mugimendua eta GuraSOS elkartea, espedientearen berri izan baino lehen, mesfidati agertu ziren errekastoko azterketa Uraren Euskal Agentziak egitearekin. Izan ere, agentziak uraren laginak hartu zituen astelehenean, gertatutakoa ikertzeko.