Hainbat lokaletan kalteak eragin dituzte hodi biltzaile batetik ateratako ur beltzek
Uholdeak izan dira Aintzieta pasealekuko eta Wroclaw plazako hainbat garaje eta trastelekutan. Hain zuzen, lehenagotik ere arazoak ekarri zituen hodi biltzaile batetik ateratako ur beltzek eragin dituzte kalteak.
Txomiñeneko bizilagunek deja vu moduko bat izan zuten joan den asteburuan. Izan ere, Txomiñeneko Aintzieta pasealekuko eta Wroclaw plazako etxebizitzetako garaje eta trasteleku batzuetan uholdeak izan ziren, ekaitza eta euri zaparraden ondorioz. Auzo elkarteak azaldu duenez, uholdeen eraginak eraikin berri zein zaharretan izan ziren, eta hainbat lokaletan urak metro eta erdiko altuera hartu zuen.
Igor Martin da kaltetuetako bat, Aintzieta pasealekuko 22. zenbakiko bizilagun bat, eta, hark azaldu duenez, garajeetara sartu ziren urak ez ziren euri urak izan, ur beltzak baizik. Alarma egoera ezarri zutenean, Martinek etxez aldatu behar zuen, eta, beraz, orain, gurasoen etxean bizitzen ari da, Aintzietako 22. zenbakian, bere emaztearekin batera. Hori dela eta, traste guztiak gurasoen garajean gordeta zituzten, eta uholdeen ondorioz dena galdu dutela kontatu du: «Koltxoiak, aulkiak, alfonbrak, arropa, oheak, sofa bat, mahai bat, besaulki elektroniko bat eta gure oroitzapen guztiak genituen hor, besteak beste».
Bestalde, Donostiako polizia, suhiltzaile eta anbulantzia ibilgailu historikoen figura txikien bilduma egiten du Txomiñenekoak, eta hori ere galdu egin du: «Figura bakoitzak dirutza balio du. Orotara, nik kalkulatzen dut 10.000 euroko galera izan dugula, ur beltzak izan direnez, ezin baita ezer berreskuratu».
Lehenagotik datorren arazoa
Martinen ustez, hala ere, arazoa lehenagotik dator: «Aintzieta pasealekuko 22. zenbakiko ur beltzen kolektore bat hautsi zenean, ur horiek beste hodi batera bideratu beharrean, hutsik dagoen eremu batera eraman zituzten ponpa baten bitartez; Eusko Jaurlaritzak babes ofizialeko etxebizitzak egingo dituen eremura, hain zuen. Hor, Añarberen ur beltzen beste kutxatila bat zegoen, nahiko egoera txarrean, eta hara eraman zituzten ur beltzak, ur beltzen jacuzzi bat sortuz eta usain ikaragarri txarra botaz». Asteburuko euriteen ondorioz, «ur beltzen jacuzzi» horrek gainezka egin zuela azaldu du Martinek, ura garajeetaraino helduz, eta irregulartasunak salatu ditu: «Udalaren aldi baterako enpresen elkargoaren eta Amenabarren eginkizunen utzikeriaren ondorioa izan da gertatutakoa».
Era berean, kontatu du aldi baterako enpresen elkargoko ordezkari bat garajeetara joan zela igandean, eta esan ziela arazoa ur beltzen araztegiarena zela: «Niri berdin dit arazoa zeinena den, nik salaketa jarriko dut eta moldatu daitezela».
Lanberri auzo elkarteak jakinarazi du astelehenean udaleko teknikari batzuk izan zirela han, kaltetutako zonaldea ikusten. «Badirudi elektrizitate arazo bat egon zela, eta ondorioz, hodi biltzaileko ur beltzak ponpatzea ez zen posible izan; kutxatila batetik atera ziren ur beltzak», azaldu dute. Hala ere, teknikariek gertatutakoa aztertu behar dutela gaineratu zuten bizilagunek, aukera hori baieztatzeko.
Kalteak eragin dituen hodi biltzaileak hainbat ezbehar eragin zituen ere duela hilabete batzuk. Hain zuzen, Etxebidek eraiki behar dituen babes ofizialeko 146 etxebizitzak egingo dituzten leku berean dago, eta horrek eragindako arazo batzuen ondorioz, etxeen eraikuntza atzeratu egin behar izan zuten. Nekane Arzallusek, Hirigintzako zinegotziak, orduan azaldu zuenaren arabera, adostasun tekniko batera iritsi ziren tartean zeuden erakundeak, eta obra «denbora gutxira» hasiko zela baieztatu zuen.
Martinen ustez, COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz, obra publikoak «geldi samar» daude azken aldian, eta langile gutxi daudenez horietan lanean, gauza asko amaitu gabe daude Txomiñenean.
Aintzieta pasealekuko garajeetan ez ezik, Wroclaw plaza berriko 31 eta 32. zenbakietako garajeetan ere sartu zen ura asteburuan. Aldiz, auzo elkarteak esandakoaren arabera, horra iritsitako urak ez ziren ur beltzak izan. «Plaza berrian egindako maila freatikoaren ikerketa pixka bat eskasa izan zela dirudi», kritikatu dute.
Udalarekin harremana
Azken gertakarien aurrean, udalarekin harremanetan jarri da auzo elkartea, uholdeen, lanen egoera orokorraren eta auzoko hainbat gairen inguruan galdegiteko. Auzo elkarteak martxoaren 11n bilera bat zeukan hitzartuta udalarekin, baina pandemiaren aurkako neurrien ondorioz, bertan behera gelditu zen. Lanberri auzo elkarteak jakinarazi duenez, udalak bilera batera deitu ditu datorren asterako, eta han izango dira udaleko hainbat arduradun politiko eta tekniko.
Pandemiak pandemia, Txomiñeneko bizilagunen bizitzak aurrera jarraitzen du, eta auzo berriaren eraikuntza prozesuak sortutako eraginak konpontzeko beharra azpimarratu dute, baita udalarekin harremanetan jarraitzeko borondatea ere. Hain zuzen, urtetan jasandako uholdeek arrastoa utzi dute auzoaren historian, eta bizilagunek auzo duin bat eraikitzeko duten grina ez da itzali.