Ostalarien eta auzotarren ongizatea bermatu nahi dute
Auzoetako bizitza sozialaren erdigunea izan ohi dira plazak eta kaleak, baita tabernak ere. Horiengan eragin zuzena dute konfinamendua arintzeko neurri berriek, eta Groseko, Intxaurrondoko eta Amara Berriko auzo elkarteekin hitz egin dugu, eragin horiek aztertzeko.
Konfinamendu neurriak ezarri zirenetik 62 egun igaro dira gaur, eta hiria neurri horien leuntze prozesuan murgilduta dago. Duela bi aste, ordu zehatz batzuetan kalera ateratzeko baimenak nabarmen aldatu zuen hiriko paisaia, eta agerian utzi zituen espazio publikoaren antolamenduak herritarrengan eragindako hainbat oztopo. Joan den astelehenean, aldiz, saltoki, zerbitzu eta taberna askok lanera itzultzeko aukera izan zuten; azken horietako batzuek terrazak jarri dituzte, eta handitzeko baimena ere izan dute hainbatek.
Hiriko ostalaritzaren jardun handi bat Parte Zaharrean kontzentratzen den arren, tabernek berebiziko garrantzia dute gainerako auzoetan ere. Ray Mendiburuk, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkarteko (IZBE) kideak, uste du tabernak «gune garrantzitsuak» direla auzoaren bizitza sozialerako. Udalak terrazak handitzeko baimenak emateari buruz, aldiz, uste du «tokian tokiko» balorazioa egin behar dela, izan ere, azaldu du Intxaurrondo Zaharreko eta Ipar eta Hego Intxaurrondoko errealitatea desberdina dela.
Era berean, baieztatu du hiritarren osasuna eta bizilagunen zein oinezkoen eskubideak bermatzea lehenesten dutela beraiek, eta hori bermatuta baldin badago, ez dutela arazorik ikusten terrazak zabaltzen badira.
Tabernen garrantzia azpimarratu du ere Amara Berriko auzo elkarteko Iñaki Olasagastik: «Ez dugu nahi auzoko tabernak pikutara joatea, baina guztientzat atsegina den auzoa nahi dugu, baita oinezkoentzat ere». Horren adibide gisa jarri du Isabel II.aren hiribidea, izan ere, urte askotako lanaren ostean, udalak hiribidea birmodelatzeko proiektu bat onartzea lortu dute, eta Olasagastik gogorarazi du ezaugarrietako bat izango dela espaloien handitzea: «Udalari esan genion lehen gauza izan zen espaloiak handitu arren ez genuela onartuko terrazen handitzea, gure lehentasuna oinezkoentzat espazio gehiago izatea delako».
Horregatik, udalak egunotan eman duen baimena «behin-behinekoa» izatea espero du. Oinezkoek «lasai ibiltzeko» espazioak izatearen garrantzia azpimarratu du, eta baieztatu du Antso Jakitunaren hiribidearen itxura berriarekin «oso pozik» daudela. Hain zuzen, birmoldaketa lanen azken fasean murgilduta daude langileak, eta kalearen hirugarren zatia bakarrik gelditzen da dena bukatzeko.
Era berean, Olasagastik garrantzitsutzat jo ditu terrazak handitu ahal izateko udalak jarri dituen baldintzak: «Oinezkoen, inguruko saltokien eta atarien, eta terrazen arteko segurtasun distantzia bermatzen badute, ez dut arazorik ikusten», adierazi du.
Bi ereduren arteko talka
Ikuspegi kritikoagoa du Aratz Estonbak, Hondarpe Groseko auzo elkarteko kideak. Bere ustez, erabaki hori hartu izana, ostalaritzaren sektoreko enpresari handiek eginiko eskaerari «men egitea» izan da. Estonbaren ustez, neurri horrek ostalari txikiei kalte egingo die: «Terrazak handitzeko aukera ematen duen erabakiarekin, taberna txiki asko ixtera kondenatu ditu udalak».
Gainera, Grosen eta hiriko auzo askotan dauden bi ostalaritza ereduren arteko talka eragingo duela pentsatzen du. Alde batetik, «auzoko ostalariak» aipatu ditu: «Ostalari asko auzoan bertan bizi dira, eta haien interesa ere bada kaleak oinezkoentzat izatea. Ostalari horiek dira haien taberna espazio sozial gisa ulertzen dutenak, auzoari begira, haien negozioa auzoan oinarritzen baita». Bestetik, turismoari begirako ostalaritza ereduari buruz hitz egin du, eta gaineratu du horrek «kontsumo azkarra, garestia, ingurunearekiko erasokorra, eta auzoa aintzat hartzen ez duena» bultzatzen duela. Estonbarentzat Groseko Peña y Goñi kalea da horren eredu garbia, izan ere, uste du kalea oinezkoentzat bihurtu duten arren, kate handien terrazek espazio handiegia okupatzen dutela.
Oinezkoentzat guneak
Hiru auzo elkarteetako kideentzat inportantea da auzotarren eta ostalarien eskubideen eta ongizatearen arteko oreka aurkitzea. Horretarako, «hirigintza-politika integralak» eratzea da gakoetako bat Hondarpe elkartekoarentzat. «Espazio publikoen egiturak sortzeko garaian, auzoetako bizilagunen beharrak jarri behar dira erdigunean, eta ez enpresari handienak. Gainera, bizilagunekin batera diseinatu behar dira, modu pedagogikoan eta autokritikoan», adierazi du Estonbak.
Kalera ateratzeko baimenarekin batera, agerian gelditu da hiriko zonalde asko motordun ibilgailuentzat direla aproposagoak, oinezkoentzat baino. Horren aurrean, kale batzuetan 10 kilometro orduko abiadura maximoa ezarri du udalak. Mendibururen ustez, Intxaurrondoko zonalde zehatz batzuetan, oinezkoak babesteko «behar handia» dago, esaterako, Txaparrene pasealekuan Harrobitxulo parketik Ategorrietako tren geltokira doan tartean. «Udalak baliabideak jarri beharko ditu poliki-poliki ibilgailu motordunak hiriko errepideetatik ateratzeko, eta bizikletei eta oinezkoei lehentasuna emateko», gaineratu du Intxaurrondokoak.
Tokian-toki, auzo bakoitzaren errealitatea desberdina da, eta Donostiako Udalak hartutako erabakiek modu desberdinean eragiten diote bakoitzari. Hala ere, hiru auzo elkarteetako kideek argi dute euren lehentasuna: ostalarien eta auzotarren ongizatea bermatuko dituzten erabakiak nahi dituzte.