"Antso Jakitunaren hiribidea polita gelditzen ari da, baina dinamizazioa falta zaio orain"
Jose Javier Oroz Antso Jakitunaren hiribideko Oroz estankoko jabea da, eta hogeita bost urte daramatza saltokian lanean.
Gremioarekin duen lotura familiatik datorkio, izan ere, bere arrebak Elkano kaleko tabako dendan egiten du lan. Konfinamenduak iraun duen bitartean nola lan egin duen azaldu digu, eta Antso Jakitunaren hiribideko birmoldaketari buruz hitz egin digu.
Konfinamenduak iraun dituen egunetan, ondo aritu zarete lanean, edo zailtasunak izan dituzue?
Gremioaren barruan ordutegien inguruko kontsentsua lortu zen, zerbitzu minimoak eskaini ahal izateko, eta erabaki zen goizez bakarrik irekitzea, 10:00etatik 13:00etara. Nire kasua berezia izan da, arrazoi pertsonalengatik; nik goizez eta arratsaldez ireki izan dut konfinamenduak iraun dituen egunetan.
Orain, aldiz, hori aldatu egin da, ordutegiak neurri berrietara egokitzen ari garelako, eta ordutegiak zabaltzen ari dira hiriko estanko gehienetan.
Salgaiei dagokionez, adibidez, ez dugu inongo arazorik izan, ez dugu ezeren falta sumatu, denetarik heldu izan zaigu. Gainera, bezeroen aldetik ere oso erantzun ona izan dugu, ondo aritu gara lanean. Esan daiteke gure gremioarentzat mesedegarriak izan direla aste hauek, elikagaien salmentaren gremioarentzat bezala, esaterako.
Zergatik uste duzu izan dela hori?
Nire ustez guk saltzen duguna lehen mailako beharra dela esateko, komatxoen artean jarri behar dugula baieztapen hori. Nire ustez etxean konfinatuta egotea erretzeko eragingarria dela, eta hori guk nabaritu egin dugu. Tabakoaren mende dagoenak ez baldin badauka, erostera joango da. Nik uste dut horregatik izan dela.
Era berean, nire estankora bezero berriak etorri dira, beste zonalde eta auzo batzuetakoak. Askok ostalaritzako saltokietan erosten zuten lehen tabakoa, eta tabernak itxita egon direnez, hiriko beste leku batzuetara jo dute erostera.
Loteria ere saltzen duzu zuk, baina salmenta etenda egon da, ezta?
Bai loteria mota guztietako salmentak eten egin zituzten. Nik ONCEko loteria eta Espainiako Estatuaren loteria saltzen ditut, eta datorren astean hasiko gara normaltasunez saltzen. ONCEko langileek urritasunen bat duten pertsonak direnez, agian pixka bat gehiago luzatuko dira, baina ez dakigu ziur.
Antso Jakitunaren hiribideko birmoldaketa lanen zati handi bat amaitu dute dagoeneko. Hain zuzen, zure estankoaren etxadiko zatia ia-ia amaituta dago. Nola gelditu dela uste duzu?
Hilabete asko daramatzate lanekin, eta gure etxadiko zatia amaitu dutenean, niri aldamio bat jarri didate justu estankoaren aurrealdean, beraz, ezin izan dut oraindik asko nabaritu aldea. Irailean hasi ziren, eta obra guztiek bezala lana eman digu, baina hori normala da. Nabarmenduko nuke lanen ondorioz, jende gutxiago ibili dela gure kalean azken hilabeteetan, eta hori ere izan da arrazoi bat nik azken asteetan goizez eta arratsaldez irekitzeko.
Birmoldaketarekin metro eta erdi inguru irabazi du gutxi gorabehera espaloiak. Hasieran azaldu ziguten proiektuak aldaketa batzuk izan dituela ikusi dugu, esaterako, aurreikusitakoak baino loreontzi gehiago jarri behar izan dituzte, garajeetako haizebideak estali ahal izateko. Jendeari gustatu zaiola ematen du.
Nire ustez, Antso Jakitunaren hiribidea polita gelditzen ari da, baina dinamizazioa falta zaio orain. Paseko kale bat izan da beti, eta jendea ez zen erakusleihoak begiratzera gelditzen. Gainera, normalean, parterreen beste aldetik joaten ziren, ez saltokien aldetik. Nire ustez psikologikoa da, jendeak modu inkontzientean egiten zuen, eta guregan eragina zuen horrek.
Nire ustez, jendea beste modu batean joango da kale honetatik orain: lasaiago eta lekuaz gozatzen.