Aste honetan argitaratuko dute Txomiñeneko 162 etxebizitzak egokitu zaizkien pertsonen zerrenda
Eneko Goia Donostiako alkateak azaldu duenez, udalak aste honetan argitaratuko du Txomiñeneko babes ofizialeko 162 etxebizitzak egokitu zaizkien pertsonen zerrenda. Izan ere, asteartean, hilaren 26an, abiaraziko dute berriz Etxegintzaren arreta presentziala aurretiko hitzorduarekin, eta etxebizitzak egokitu zaizkien pertsonekin harremanetan jartzea izango da euren lehentasuna, alkatearen arabera. Gainontzeko udal zerbitzuetako arreta presentziala astelehenean itzuliko da.
162 etxebizitza horiengatik 9.300 eskaera jaso ditu Etxegintzak, baina horietako 1.200 prozesutik kanpo gelditu dira, akatsak direla eta. Baremazio sistema berriarekin adjudikatu dituzten lehenengo etxebizitzak dira Txomiñenekoak. Hasiera batean otsaila bukaera edo martxoa hasierarako eman behar zituzten etxeak, ondoren martxoa bukaeran emango zituztela esan zuten eta, ondoren, maiatzean.