Euskaraz egindako ahozko kultur sorkuntzak ikertzeko deialdiak ireki ditu Mintzolak
Mintzolak, Euskal Herriko Unibertsitateko Mikel Laboa Katedrarekin batera, bi deialdi berri jarri ditu martxan euskarazko antzerki, bertsolaritza, kantagintza edo beste edozein motatako ahozko kultur sorkuntzari lotutako ikerketak egiteko. Alde batetik, urtebeteko epean gauzatu beharko diren bi proiektu sarituko dira, bakoitza 2.000 eurorekin. Bestetik, doktorego aurreko ikerketa kontratu bat eskaini du, EHU/UPVko Euskara eta Ikerketa Errektoreordetzak ere babestutakoa.
Bi deialditara aurkezteko epea maiatzaren 26ra arte egongo da zabalik. Interesa dutenek, ikerketa proposamenak bidali beharko dituzte Mintzolara. Esleipenak uztailaren 20an iragarriko dira. Informazio guztia lotura honetan ikus daiteke.