Garraio publikoaren erabilera "mantso" errekuperatzen ari dela nabarmendu du alkateak
Konfinamenduan zehar Dbusen zerbitzua murriztu ondoren, kendutako linea batzuk berreskuratu zituzten astelehenean, baita zerbitzua bera areagotu ere. Horrela, Donostiako Udalak neurri berrien ondoren Dbusen erabileraren inguruko lehenengo datuak eman ditu, eta hiriko autobusen erabilera %6 igo zen atzo, hilaren 18an, joan den asteko astelehenarekin alderatuta. Hala ere, iazko maiatzeko erabileraren %23 baino ez da datu hori, beraz, konfinamendua arintzeko bidean, garraio publikoaren erabilerak “errekuperazio mantsoa” bizi duela nabarmendu du Eneko Goia alkateak.
Bestalde, espazio publikoaren erabileraren inguruan hartutako neurrien –hainbat kale bizitegi-kale bihurtzea eta zonalde batzuk txirrindularientzat ahalbidetzea– inguruko balorazio positiboa egin du alkateak: “Oso balorazio ona egiten dut aldaketen inguruan. COVID-19aren hartutako erabakiak dira, baina honen aurretik ere mahai gainean zeuden, etorkizunean egiteko”. Era berean, antzeko neurriak hiriko beste zonalde batzuetan hartzeko aukera aztertzen ari direla azaldu du Goiak, baina horrelako aldaketak “tentuz” egin behar direla azpimarratu du, “konfinamendua arintzearekin batera, zirkulazioa areagotuko delako”.