Oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna errazteko neurriak hartuko ditu udalak
Konfinamendua arintzeko faseetan ezarritako osasun neurriak bete ahal izateko, oinezkoen eta txirrindularien mugikortasuna erraztuko duten hainbat neurri hartu ditu Donostiako Udalak. Alde batetik, hiriko hainbat kaleri bizitegi-kale izaera emango dietela azaldu du Eneko Goia alkateak, ibilgailuen abiadura muga hamar kilometro ordura pasatuz, oinezkoen eta txirrindularien segurtasuna areagotzeko helburuarekin. Eduardo Txillida pasealekua, Cristina Infantaren kalea, Etxague Jeneralaren kalea eta Euskal Herria kalea izango dira lehenengo fase batean bizitegi-kale bihurtuko dituztenak, eta Segundo Ispizua eta Bermingham kaleak bigarren fase batean.
Bestalde, Intxaurrondoko hainbat kaletan ere aldaketak egingo dituzte: Arroas, Jose Maria Busca Isusi, Telesforo Aranzadi, Bixenta Moguel, Galizia (Baratzategi eta Sibilia artean), Beltran Pagola eta Pedro Axular kaleak, hain justu.
Bizikleten mugikortasuna errazteko bidean, Askatasunaren hiribideko erdibitzailearen ondoan dauden barneko erreietan 30 kilometro orduko gehienezko abiadura ezarriko dute bi norabideetan, errei horietatik txirrindulariak segurtasunez ibil daitezen. Seinale bertikalak eta horizontalak jarriko dituzte abiadura muga berria txirrindularientzako erreiak direla adierazteko, eta Kontxako eta Santa Katalina zubiko bidegorriekin lotuko dituzte errei horiek.
Mozketak
Aldaketa horiek guztiak gauzatzeko, hainbat mozketa egingo dituzte hiriko zonalde batzuetan asteazkenetik aurrera eta astelehenetik igandera, 7:30etik 10:00etara eta 20:00etatik 21:30era. Hain zuzen, Eduardo Txillida pasealekua moztuta egongo da aipatu data eta orduetan ibilailu motordunentzat, zamalanak egin behar dituzten eta pasealeku horretako 15. zenbakiko garajera joan behar duten ibilgailuentzat izan ezik.
Pasealeku Berrian, baimendutako ibilgaiuak izan ezik, gainontzeko ibilgailu motordunak ezin izango dira pasa aipatu ordu eta egunetan. Bestalde, Kontxako pasealekuari dagokionez, erreietako bat txirrindularientzat erreserbatuko dute, Antiguako tunelaren eta Mirakontxako pasealekuaren artean. Horrela, espaloitik doazenek bidegorria ere erabili ahal izango dute.
Izan ere, Kontxako baranda aldatzeko lanak egiten ari dira tarte horretan, eta gainerako erreia ibilgailuentzat eta garraio publikoarentzat uzteko aukera aztertzen ari dira. Beraz, ibilgailu motordunak Mirakontxa pasealekutik, Sanserrekatik eta Pio Baroja pasealekutik desbideratuko dituzte.
Dbusen aldaketak
Astelehenetik derrigorrezkoa Donostiako autobusetan maskara erabiltzea, baina autobusen edukieraren inguruko neurri berriak iragarri ditu alkateak. Hain zuzen, edukiera pixka bat handituko dute, eta espero dute egunak pasa ahala gehiago handitu ahal izatea. Horrela, asteartetik aurrera, 36 pertsona sartu ahal izango dira hamabi metroko autobusetan, 57 pertsona hemezortzi metrokoetan eta 25 pertsona hamar metrokoretan. TB6 Uliako Taxibusaren zerbitzuari dagokionez, bi pertsonak baino ezingo dute bidaiatu batera, kenduta desgaitasunen bat baldin badute, adingabeak edo adinekoak laguntzeko bada edo justifikatutako beste arrazoiren bat baldin badago.