Pilar Arana Mugikortasun zinegotziaren adierazpen batzuk salatu ditu EH Bilduk
Pilar Aranak, Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Garraio zinegotziak, elkarrizketa bat eskaini zuen asteartean Teledonosti hedabidean, eta koronabirusaren ondorengo errekuperazio ekonomikoaz ari zela, zera adierazi zuen: “Mugikortasun zinegotzi gisa, herritar askori bezala, udan auto-ilarak eta pilaketak gustatzen ez bazitzaizkidan ere, orain nahiago nuke uda honetan auto-ilara horiek egongo balira eta ea autoak erdiguneraino etorriko balira”. Esaldia bere testuingurutik ez ateratzeko esan zuen Aranak, auto-ilarena pertsona zirkulazioaren, eta, beraz, ekonomiaren errekuperazioaren adierazle moduan esaten zuelako.
Hala ere, EH Bilduk adierazpen horiek salatu ditu, alderdiaren ustez ezin baita onartu “Mugikortasuneko zinegotzi batek bere eginkizunak alde batera uztea eta jendaurrean horrelako adierazpenak egitea”. Harago joan da EH Bildu: “Edo adierazpen horiek zuzentzen ditu eta lanean hasten da bere departamenduaren helburuak betetzeko nbidean, edo bere kargua utzi beharko du. Ez dago beste irtenbiderik”. Horregatik, oposizioko alderdiak zinegotziaren premiazko agerraldi bat eskatu du, udal gobernuaren mugikortasun plangintza azaldu dezan.
EH Bilduren ustez, Aranaren adierazpenak “icebergaren punta” baino ez dira, izan ere, udal gobernua “mugikortasun iraunkorra sustatzeko orduan, isurketak murrizteko eta klima aldaketaren aurkako borrokaren ikuspuntutik” atzean gelditzen ari dela deritzo. “Eneko Goiaren mugikortasun politikak pandemiaren aurretik ere oso eskasak baziren, orain, konfinamenduaren garaian eta konfinamendua arintzeari begira, kudeaketa tamalgarria izaten ari da”, gaineratu du koalizio abertzaleak.
EH Bilduk pandemia hasi zenetik bizikletaren erabilera sustatzeko hainbat proposamen egin dituela gogoratu du, hala nola, ospiataletara igotzeko bidegorria jartzeko eta konfinamendua arintzeko prozesuan behin-behineko bidegorriak jartzeko Elosegi etorbidearen eta Mirakruz kalearen artean, Amara Berritik 27 Industrialdera eta Igarako industrialdean. Udal gobernuak, ordea, ez ditu proposamen horiek aintzat hartu.
Era berean, udal gobernuak kale batzuk bizitegi-kale bihurtu dituela eta zonalde batzuetan zirkulazioaren abiadura 30 kilometro ordura mugatuz bizikleten zirkulazioa ahalbidetu duela adierazi du EH Bilduk, baina neurriak eskasak direla deritzo. Izan ere, beste hiri batzuetan askoz aldaketa sakonagoak egin dituztela azpimarratu du alderdiak: “Bartzelonaren moduko beste hiri batzuek, lehen egunetik, 80 kilometro egokitu zituzten oinezkoentzat eta behin-behineko 21 kilometroko bidegorriak jarri zituzten. Eta Granadak, esaterako, 75 kilometroko bidegorriak eta 50 kilometroko oinezkoentzako kaleak iragarri ditu. Milan, Paris eta Europako beste hiriak ere bide beretik doaz. Eta apustu hori ez da aldi baterako: ordezkariek adierazi dutenez, neurri horietan ez da atzera egingo”.
Donostia Bizikletaren aldeko Hirien Sareko kide dela nabarmendu du EH Bilduk, baita apirilaren 22an udalak Bizikletaren Erabilera Bultzatzeko Txoke Plana aurkeztu zuela ere. Oposizioko alderdiaren arabera, ordea, “ia neurri bat bera ere ez da aplikatzen ari Donostian”. “Pilar Aranaren adierazpenak ikusita, gauza guztien aurretik autoa lehenetsiz, ez du betetzeko inolako asmorik”, gaineratu du alderdiak.