Donostia Sustapenak hiriko enpresei doako online formakuntza eskainiko die krisialdiari aurre egiteko
COVID-19ak sortu ditzakeen zailtasunei aurre egin ahal izateko, Donostiako Udalak, Donostia Sustapenaren bitartez, Donostiako enpresa eta ekintzaileentzat hainbat saio eskainiko ditu doan. Zehazki, 45 eta 75 minutu inguruko online formakuntzak egingo dira, “hiriko sektore ekonomikoentzat gakoak” izan daitezkeen gaiak jorratuz. Saioez gain eta horiei lotuta, enpresa bakoitzaren behar eta egoerari egokitutako bi orduko aholkularitza osagarria eskainiko dute, hauek ere online.
Oro har, zeharkako formakuntza izango da eta jorratuko diren gaiak dira negozio eredua, aldaketa estrategikoa, zerbitzu eta produktu berriak diseinatzea, digitalizazioa, antolaketa ereduan aldaketak eta giza baliabideei lotutako gaitasunak garatzea. Era berean, hiriko “funtsezko sektoreek” —merkataritza, ostalaritza, surfa, nekazarita eta elikadura sektorea, Smart eta moda— izan ditzaketen erronka espezifikoak jorratzeko saioak ere eskainiko dituzte. Informazio osoa Donostia Sustapeneko webgunean dago eskuragarri.
Egitasmoa Donostiako Ekonomia Suspertzeko Planaren puntuetako bat da. Bestalde, Donostia Sustapenak lehenagotik eskaini ohi dituen gainontzeko programak ere martxan diraute, hala nola Innplanta, Talentu Berritzailea eta EKin+.