Ekainaren 8tik aurrera senide baten bisitak onartuko dituzte erresidentzietan
Datorren astelehenetik aurrera egoiliarren bizikidetza hastea aurreikusten du Aldundiak. Era berean, eguneko zentroak ekainaren 8an irekiko dutela iragarri dute, betiere PCR testetan negatibo eman duten erabiltzaileentzat. Lehentasuna izango dute erresidentzietan ez dauden zentroek.
Erresidentzietan eta eguneko zentroetan errealitate berrira egokitzeko pausoak edo faseak zeintzuk izango diren aurkeztu du Foru Aldundiak. Ondo bidean, pausoak bat etorriko dira konfinamendua arintzeko Espainiako gobernuak ezarritako faseen ezapenarekin Gipuzkoan. Alegia, zero fasea maiatzaren 10era arte, lehenengo fasea maiatzaren 24ra arte, bigarren fasea ekainaren 7ra arte, hirugarren fasea ekainaren 21a arte eta laugarren fasea uztailaren 4ra arte. Maite Peña Gizarte Politikako diputatuak jakinarazi duenez, fase guztietan kontingentzia planen balorazioarekin jarraituko dute, eta euste eta prebentzio protokoloak aktibo jarraituko du, egoiliar, langile eta familien segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko.
Maiatzaren 10era bitartean, salbuespeneko kasuetan eta neurri zorrotzak betez, senideek bisitak egin ahal izan dizkiete egoiliarrei. Prebentziozko neurriak ere jarraitu dira eta eguneko zentrotako langileak aritu dira lanean.
Lehenengo fasean, maiatzaren 24an amaitzea aurreikusten dena, egoiliarrentzat egoitzak egokitzen hasi dira, baita bisitak egiteko espazioak egokitzen ere. Era berean, koronabirusak kutsatutako pertsonarik ez dagoen ezta kasurik egon daitekeen susmorik ez dagoen zentroetan, bisitak onartu dira, betiere medikuak utzita eta aurretiko hitzorduekin.
Maiatzaren 25etik aurrera, bigarren fasean, talde txikietan egoiliarren arteko bizikidetza itzultzea aurreikusten da. Terrazetara eta lorategitara irteerak hasiko dira. Kasurik ez dagoen egoitzetan ere egoiliarrek eta senideek elkar ikusteko aukera izango dute kanpoko espazioetan. Itxialdia etxean pasa duten eta desgaitasunak dituzten egoiliarrek erresidentzietara itzultzeko aukera izango dute. Gainera, fase honetan hasiko dira eguneko zentroak egokitzen.
Ekainaren 7tik aurrera, hirugarren fasean, bisitak itzuliko dira oro har, baina kontrolatuta. Egoiliar bakoitzak senide bakar baten bisita jaso ahal izango du eta programatutakoa izan da. Gainontzeko senideekin bideo deiak mantenduko dira. Gainera, isolamendua etxean pasa duten gainontzeko egoiliarrek itzultzeko aukera izango dute, baita egoiliar berriak erresidentzietan sartzeko aukera ere, betiere PCR proban negatibo eman eta isolamendua egin badute. Hala ere, fase honetan oraindik ez dira irteerak egingo, ezta boluntariotzarik ere.
Hirugarren fase horretan, eguneko zentroak irekiko dituzte, isolamendua bete eta PCR proban negatibo eman duten erabiltzaileentzat. Lehentasuna izango dute erresidentzietan ez dauden eguneko zentroek.
Azkenik, ekainaren 22tik aurrera, laugarren fasean, egoitzetan bi senideen bisitak onartuko dira. Telezaintza eta laguntza soziala laugarren fasera arte bermatuko dira ziur, eta puntu horretara iristean erabakiko dute ea mantentzen duten.
Aipatutako neurri guztiak Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen Errealitate Berrira Egokitzeko Planaren parte dira. Aldundiak jakinarazi duenez, gizarteko hainbat eragilerekin kontrastatutako plana da, haiek egindako proposamenak jasotzen dituena, eta Gizarte Politikako departamentuko eremu guztiak hartzen ditu bere baitan –mendekotasuna, desgaitasuna, gaixotasun mentala, gizarte inklusioa, haurren babesa, eta indarkeria matxistaren emakume biktimak–.