Hainbat talde ekologistek Arkaitzerrekako isuria Fiskaltzaren aurrean salatu dute
Eguzki, Anerreka eta Zubieta Lantzen talde ekologistek Gipuzkoako Ingurumeneko Fiskaltzaltzari eskatu diote Zubietako erraustegitik hurbil dagoen Arkaitzerreka errekastoan izandako isuria ikertzeko. Era berean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK), erraustegiaren arduradunaren, gardentasun falta salatu dute ekologistek. Hilaren 9an salatu zuten herritarrek Arkaitzerrekan isuri bat izan zela, eta ehunka arrain hil zirela horregatik.
Salatzaileen arabera, isuria erraustegiak egin zuen zuzenean, eta hori delitu bat izan daitekeelakoan, kasua ikertzeko eskatu diote fiskaltzari. GHK isuria erraustegiaren ardura izatea ukatu zuen hasiera batean, baina ikerketa bat abiatu zuen ondoren, eta ondorioztatu zuen “erraustegitik kanpoko” kamioi batek amoniakoa isuri zuela urtetara. Horrela, zigor espedientea ireki zion GHK-k Ekondakini, erraustegiko enpresa kudeatzaileari.
Bestalde, ekologistek nabarmendu dute herritarrek kasua salatu izan ez balute, GHK-k ez zuela inoiz isurien berri emango eta, beraz, horrelako kasuak estali nahi dituela kontsortzioak. “Honek ez du zerikusirik saldu ziguten erraustegi garbiarekin”, gaineratu dute.