Heroi eta morroi
‘OVERSEAS’
Zuzendaria: Yoon Sung-A
Urtea: 2019
Herrialdea: Frantzia eta Belgika
Overseas filmak umezain edo garbitzaile gisa atzerrira joan behar izaten diren Filipinetako emakumeen ohiz kanpoko erretratua eskaintzen digu. Beraien familiei dirua bidali ahal izateko egiten duten sakrifizioa bada ere, Filipinetako presidentearen hitzetan euren «nazioko heroiak» dira. Izan ere, soldaduak balira bezala OFWsen (Overseas Filipino Workers-en) izena ematen dutenean, munduko familia aberatsen morroi bilakatzea onartzen dute euren familiek jasoko duten ekarpen ekonomikoaren truke. Eta horrela, migrazio ekonomiko mota hori herrialdeko indar ekonomiko esanguratsuenetako batean bilakatu da azken urteotan.
Horregatik, Filipinetako herrialdeak erabat antolatuta dauka neskame sare hori. Eta Yoon Sung-Ak, zuzendariak, etxetik urrun lanari aurre egiteko prestatzen ari den emakume talde baten formakuntza gertutik jarraituko du.
Bai, sinesgaitza badirudi ere, neskek formakuntzarako prest dagoen etxe batean zerbitzatzeko artea ikasiko dute; mahaia jartzeko erak, haurrak zaintzeko metodo desberdinak, jabeekin izan beharreko tratua, eta abar. Eta tamalez, eraso edo bestelako jazarpenei nola aurre egin ere ikasi beharko dute. «Inoiz ez egin negar nagusiaren aurrean, ahultasuna adieraziko zenukete. Filipinarrak ez gara ahulak! Zerbait gertatuko balitz, agentzia edo immigrazio bulegora jo eta guk lagunduko genizueke». Horixe da irakatsiko dieten lezio garrantzitsuena.
Eta instruktore bat izango badute ere, formakuntza saioetan neskek bai jabearen, bai neskamearen papera antzeztuko dute, irudi surrealista eta ironikoak eskainiz. Eta rol joko horiek neskei eginiko elkarrizketekin nahastuko dira film osoan zehar. Horrela, kontrastez betea dagoen dokumental honetan, guztia suertatuko da ironikoa: Irakasleen adeitasuna eta irakasten dituzten eduki bortitzak, neskek etorkizun oparo batengatik duten ilusioa baina bi urte atzerrian emateagatik duten beldurra, eta euren familia aurrera ateratzeko duten indarra, baina neskame gisa duten zaurgarritasuna.
Yoon Sung-A zinemagilearen lehen film laburra, Et dans mon coeur j’emporterai (2008), Canneseko Cinefondation-en hautatua izan zen eta 2012. urtean bere opera prima aurkeztu zuen, Full of Missing Links (2012) film autobiografikoa. Overseas (2019) filma Locarnoko zinemaldian aurkeztu zenetik oso saritua izan da. Iruñeko Punto de Vista jaialdian publikoko film onenaren saria irabazi zuen, besteak beste.
Egun, DocsBarcelona zinemaldia (maiatzak 19-31) egongo da ikusgai Overseas, goi mailako beste dokumental askoren artean. Zinemaldi osoa Filmin plataformaren bitartez jarraitzeko aukera dugu, eta umore beltza erabiliz «esklabotza moderno» honen salaketa soziala eskaintzen duen dokumental hau maiatzaren 27tik 30ra egongo da ikusgai. Ikusi beharrekoa, benetan!