Kirol Txartelak inoiz baino harpidedun gehiago izan ditu 2019an
Kirol Txartelara harpideturiko pertsonen kopuruak gora egin du 2019an zehar, eta orain arteko zifra guztiak gainditu ditu. Donostia Kirolakek argitaratu duen memoriaren arabera, guztira 49.399 herritarrek eman zuten izena iaz kirol zerbitzuan, errekor berri bat lortuz.
Udalaren kirol instalazio guztietan harpidetutako pertsonen kopuru totala, ordea, are handiago da. Izan ere, hiriko klub pribatuek kudeatzen dituzten udal instalazioak kontuan hartuta, harpidetuen zifra 57.000 pertsonakoa da. Hau da, biztanleen %30,6a.
Bestalde, kirol instalazio publikoetan ere erabilera errekora izan dute. Hain zuzen, egunean batez beste 8.939 lagun pasa dira horietatik, eta guztira instalazioen 3.200.000 erabilera erregistratu dituzte. Donostiako Kirolakek 2019an antolatutako jarduerei dagokienez, berriz, parte hartzaileen kopurua 35.000 pertsonakoa izan zen.
Datuen argitalpenarekin, Donostia Kirolakek gogoratu du kirola egiteko ohitura herritarren artean oso hedatua dagoela, eta 2017an egindako hiru urteko kirol ohiturei buruzko inkestaren emaitza nabarmendu du: donostiarren %73ak baino gehiagok kirola egiten du, astean behin gutxienez, eta zifra horrek Europako batezbestekoaren gainetik kokatzen ditu.