Lara Gonzalezek kontratua berritu du Ibaeta Basketekin
Lara Gonzalezek (Donostia, 1994) bere kontratua berritu du Ibaeta Basket taldearekin, 2020-2021 denboraldira begira. Datorren denboraldia jokalariaren zortzigarrena izango da talde gipuzkoarrean, eta kapitain lanak egingo ditu bigarren aldiz jarraian.
Donostiarrak Azu Muguruza entrenatzailearekin egin zuen debuta 2012-2013 denboraldian, eta hurrengo denboraldian pasa zen lehenengo taldeko kide izatera. Ordutik, garrantzia handia izan du Gozalezek Ibaeta Basketen, eta taldearekin Endesa Ligan partida gehien jokatu dituen jokalari gipuzkoarra da, 170 norgehiagoka jokatuta.
Gonzalez pozik agertu da kontratua berritu izanagatik: “Etxeko taldean gelditzea eta zurekiko konfiantza dutela ikustea poztasun handia da. Berriz entrenatzen hasteko gogoz eta ilusioz nago, datozen asteetan lan egiteko eta ahal dudan guztia emateko. Joan den urtea ez zen nik espero nuen modukoa izan, beraz, are gogo gehiagorekin nago”.