Normaltasunerako itzuleran euskara erdigunean egon dadin kanpaina abiarazi du Euskararen Kontseiluak
Geroa Euskaratik. Elkar hartuz, elkar zainduz du izena Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak martxan jarri duen kanpaina. Honen helburua da, konfinamendua arindu eta normaltasuna itzuli ahala, euskara gizartearen erdigunean egon dadin bultzatzea. Kontseiluaren ikuspuntutik, euskararen normalizazioak “eskubide guztiekiko begirunea, gizarte kohesioa, gertutasuna eta konpromiso kolektiboa oinarri duen” gizartea ekar dezake ondoren.
Kanpainan parte hartzeko zergatik geroa euskaratik? galdera plazaratu die herritarrei eta gizarte eragileei. Helburua da horri erantzutea sare sozialetan partekatutako bideo zein testuen bitartez, #geroaeuskaratik traola erabiliz. Kontseiluko bazkideek —Elhuyar eta UEU, besteak beste— dagoeneko erantzun diote galderari, eta elkarteko sare sozialetan partekatzen joango dira emaitzak. Bestalde, ekainaren 4ean, Euskara ere normalitaterantz? mahai- ingurua egingo dute, Berriak, Martin Ugalde Foroak eta Kontseiluak antolatuta.