Patxi Ruizen aldeko elkarretaratzea egin dute bosgarren egunez
Hamaika egun bete dira Patxi Ruiz presoak Murtzia II espetxean gose eta egarri greba hasi zuenetik, kartzelako zuzendaritzak eginiko mehatxuak salatzeko asmoz. Bere egoera salatzeko, Donostian, Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, elkarretaratzeak egiten ari dira egunero Ruizi babesa adierazi eta euskal presoen amnistia osoa aldarrikatzeko.
Hirian larunbatean egin zuten lehen elkarretaratzea, Bulebarrean, eta geroztik arratsaldero bildu dira protesta egiteko. Atzo, bosgarren egunez, dozenaka pertsona elkarretaratu ziren, koronabirusaren kutsatzeak saihesteko segurtasun distantziak mantenduz, eta gaur berriz mobilizatuko dira, 20:15etatik aurrera. Protestarako deia Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak (AEM) egin du, eta elkarretaratzeak egunero egingo dituzte Ruizen grebak iraun bitartean.
Ruizen eta espetxeko zuzendaritzaren arteko gatazka maiatza hasieran piztu zen, bere moduluko presoak elkarretaratzeak egiten hasi zirenean. Protesta horietan, COVID-19aren pandemia zela-eta, preso eriak eta zigorraren zati handiena betea zutenak aske geratzea eskatu zuten presoek, bisitak jasotzeko eskubidea eta kutsatzeen aurkako osasun neurriak aldarrikatzearekin batera.
Bada, elkarretaratze horietako baten ostean kartzelako funtzionario batekin izandako ika-mika baten harira, Murtziako IIko zuzendaritzak presoa mehatxatu eta kontzentrazioen bultzatzailea izatea leporatu ziola azaldu du AEMk, eta, egoera horretan, Ruizek greba abiatzeko erabakia hartu zuen maiatzaren 11n.