Biodibertsitatea, gure osasunaren bermea
Gaur, maiatzaren 22an, Biodibertsitatearen Eguna ospatzen ari gara mundu osoan. Ez da gutxiagorako, gu geu biodibertsitate horren parte baikara, eta geure biziraupena bera haren mende baitago. Inguruan badugu biodibertsitaterik, eta guri dagokigu kontserbatzea, berak gu babestuko baikaitu.
Aurrekoan azaldu genuen egungo osasun larrialdiaren jatorria, eta gaixotasun berrien sorrerak biodibertsitatearen galera eta klima aldaketarekin duen lotura estua. Gogoratu aurkitzen diren gaixotasun infekzioso berrien artean, lautik hiru zoonosiak direla, hau da, animalietan dutela jatorria. Aberastasun biologikoak berak, biodibertsitateak, horietatik babestu egiten gaitu, patogenoei (birus, bakterio, onddo…) hesi naturalak ezarriz, immunitate sistematik hasita.
Zer da biodibertsitatea?
Adituek hiru mailatan sailkatzen dute biodibertsitatea, eta bata bestearen mendekoak dira. Txikitik hasita, aniztasun genetikoa da lehena, indibiduoarenetik hasita populazioetaraino doana, berak gaixotasunei aurre egiteko gaitasuna emango baitie espezieei. Bigarrena da ezagunena: espezieen dibertsitatea. Zenbat eta mota desberdin gehiago izan tarteko, orduan eta aukera txikiagoa espezieen artean salto egiteko, gaixotasun infekzioso berri horiek guregana iristeko ere zailago izanik. Horretarako, ordea, espezie horiek bizitzeko eta euren arteko harremanak sortzeko lekua behar dute (dugu). Horrela handienera iristen gara, hirugarren mailara, ekosistemara. Osasuntsu behar ditugu espezie ugari bizi daitezen eta populazio onak eta genetikoki anitzak gorde ditzaten.
Gizakiak lur-eremuaren %75 inguruan eragin du, artifizializazio maila neurri gabe handituz. Ekosistemak eraldatzen ari gara; kasu batzuetan suntsitzeraino, eta beste batzuetan haien funtzionamendua bera kolokan jartzeraino. Espezieen galera ikaragarria da, eta seigarren iraungitze masiboaz hitz egiten da. Desagertze tasa, gaur egun, espero zitekeena baino 1.000 aldiz altuagoa da. Populazioak urritzen badoaz, haiekin dibertsitate genetikoa ere galtzen da, gaixotasunei bidea erraztuz. Hortaz, ezin dira alderatu berezko basoa, askotariko espezieen bizilekua, eta kanpo espezieen monolaborantza pobrea, eukaliptoena kasu. Biodibertsitateak eskaintzen digun babesari globalizazioa gehitzen badiogu, hau da, pertsona eta gaien garraio azkarra munduan zehar, pandemia arriskua berebizikoa bilakatzen da eta, espero bezala, iritsi zaigu.
Gertuko biodibertsitatearen garrantzia
Biodibertsitatea entzun, eta berehala tropikoak datozkigu gogora, baina gertukoa ezin dugu gutxietsi. Bestalde, ez ahaztu hango suntsiketak geure ohituretan eta bizimoduan duela jatorria. Hortaz, kontsumo arduratsua praktikatu behar dugu, baita ingurumena zaintzen duten bertako produktuak lehenetsi ere. Hango inpaktuek lehen edo beranduago eragingo digute mundu globalizatu honetan, eta zaila izango dugu urrutikoa kontserbatzeko, etxe ondokoa kontserbatzeko gauza ez bagara. Hor dago dugu hegoaldeko zuhaitz-igeltxoaren adibidea, orain hiriko autobusetan bada ere, bere garaian ikaragarri borrokatu behar izan genuen etorkizuna izan zezan, oraindik biziraupena bermaturik ez duelarik.
Herritarron esku dago politiken norabide aldaketa, bozkatik hasita. Eskatu behar dugu eta zergatik ez, exijitu. Horixe da elkarte naturzaleok hartu dugun bidea, gizarte kontzientzia gisa jokatuz eta kontserbazioa aldarrikatuz. Gehienetan, ordea, erakunde publikoak entzungor agertzen zaizkigu, eskatzen duguna taxuzkoa izanda ere. Nola ulertu bestela Santa Klara uhartean umatzen duen kaio beltzaren habia babesteko udalaren eta aldundiaren gainean egon behar izate hori? Euskal Herrian bi bikote baino ez ditugunean, ahalegin guztiak eta bi egin beharko lirateke horien kontserbazioa bermatze aldera. Mehatxaturik dauden espezieen populazioei oso arreta eskasa eskaintzen die udalak, maiz proiektu ekonomikoak garatzeko traba gisara hartuz. Biodibertsitatea inbertsioa da, ez zama, eta gutxien espero dugunean osasun kontua bilakatu daiteke, koronabirusarekin, tamalez, gertatu den moduan.
Nork ziurta dezake espezie baten galerak ez lukeela ekosisteman desoreka sortuko, eta gaixotasun bat zabaltzeko bidea eman? Horrelakoak uste baino gehiagotan gertatu ohi dira, baina zorionez inoiz gutxitan gara gizakiak gaixoturikoak. Halere, tarteka tokatzen zaigu, birus berri honekin gertatu den moduan. Urgull eta Santa Klarako sugandilak, Igeldoko igeltxoak edota sorbeltzak, bakar batzuk aipatzearren, intsektujaleak dira. Gu konturatu gabe geure osasuna babesten dute eltxoak janez. Ezkutuko lanaren bidez, agian gaixotasun infekziosoren bat zabaltzea ekiditen ari dira, guk geuk jakin gabe. Ez al luke mereziko zuhurtziaz jokatzea haien kontserbazioa inbertsio gisa hartuz? Naturzaleok argi daukagu. Horregatik, Naturkon izenekoan biltzen garen elkarteok Donostiako Udalari eskatu diogu Easo kaleko hormatzarrean zegoen sorbeltzen kolonia, Gipuzkoako handienetakoa, aintzat hartzea eta intsektu kilo ugari irensten duten hegazti hauei habia-kutxak jartzea. Ez gaitezen astakirtenak izan, eta zain dezagun babesten gaituen biodibertsitatea!