Eusko Jaurlaritzak adinekoentzako 180 etxebizitza eraikiko ditu Morlansen eta Loiolako Erriberan
Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak hitzarmen bat sinatu dute, Morlansen eta Loiolako Erriberan adineko pertsonentzako etxebizitzak eraikitzeko. Morlans Aieterekin lotzen duen igogailuaren ondoko 1.352 metro karratuko lursail batean 80 etxebizitza eraikiko dituzte, eta Loiolako Erriberan beste 100 etxebizitza eraikiko dituzte, 1.456 metro karratuko lursail batean. Bi lursailak doan eman dizkio udalak Eusko Jaurlaritzari.
Etxebizitza sailak garatuko ditu etxebizitza horiek egiteko proiektuak (lau promoziotan egingo dituzte), eraikuntza prozesuaz –momentuz, datarik gabe– eta adjudikazioaz arduratzearekin batera. Era berean, bi erakundeek sinatutako hitzarmenean zehaztu dute etxebizitza berriak eskatzaile donostiarrentzat izango direla soilik. Udalaren hirigintza proiekturen batean herritarrei ostatua emateko beharra baldin badago etxebizitza horiek ere erabili ahalko dituzte.
180 etxebizitza horiek Donostiako adineko pertsonei eskainiko dizkiete, Bizigune programaren bidez. Izan ere, kasu askotan, adinekoak etxe zaharretan bizi dira, eta ez daude euren egoerara eta izan dezaketen mugikortasun faltara egokituta. Horrela, etxebizitza horiek Bizigune programari emango dizkiete, Morlansko eta Loiolako Erriberako etxebizitza egokitu berrietan alokairuan bizitzeko. Era berean, Bizigunek Donostiako pertsona eta familia gazteei eskainiko dizkie adinekoek utzitako etxebizitzak.
Hitzarmena sinatu duten erakundeen arabera, adinekoen bizi baldintzak hobetzea du helburu proiektuak, hiriko auzoetako lurralde kohesioa hobetzearekin batera. Izan ere, bizilagunen batez besteko adina altua den auzoetan familia gazteak sartuz, zaharren eta gazteen arteko bizikidetza sustatuko dute, baita auzo horietako bizitza berpiztu ere.