Koldo Mitxelena irekiko dute astelehenean, maileguak itzultzeko
Koldo Mitxelena Kulturuneak berriro ekingo dio jarduerari astelehenean. Hala ere, normaltasunerako itzulera mailakatua egingo du kulturuneak. Alegia, astelehenetik aurrera soilik maileguak itzultzeko aukera eskainiko du momentuz. Horretarako, espazio bat egokitu da eraikineko sarreran, eta liburutegiak ohiko ordutegia izango du, alegia, 8.30etik 20.30era lanegunetan eta 8.30etik 14.00etara larunbatetan.
Ekainaren 1ean ekingo diote berriro mailegu zerbitzuari, baina aurrez erreserbatu beharko dira webguneko katalogoa edo 943 11 27 93 telefonoa erabiliz. Liburutegiko informazio mailan aurrez aurreko erreserbak ere egin ahal izango dira. Eskaera prest izan bezain laster, erabiltzaileak sms bat jasoko du eta 72 ordu izango ditu mailegua jasotzeko.
Ohiko mailegu zerbitzua ekainaren 15ean itzuliko da, nahiz eta kulturune barruko edukiera kontrolatuko den. Erakusketak ere egun horretan itzuliko dira. Era berean, egungo erakusketa aretoa erakusketa horiek artatzeko, eta biltzarrak eta hitzaldiak egiteko erabiliko da. Beraz, momentuz, jarduera aretoa ez da erabiliko.
Gainontzeko zerbitzuak ireki edo ez ekainaren amaieran aztertuko dutela esan dute Foru Aldunditik.
Itzulitako maileguak berrogeialdian eta segurtasun neurriak
Jarduerari berriro ekiteko, kulturunea desinfektatu eta sakonki garbitu dute. Ateak irekitzen dituztenean ere, egunean hainbatetan garbituko dituzte bai eraikina baita mahai eta aulkiak ere. Higiene eta garbitasuna bermatzeko beste zenbait neurri ere hartuko dituzte, hala nola langileentzat babes indibidualak, edukiera mugatzea edo gel desinfektantea jartzea. Mailegatutako materialari dagokienez, berrogeialdia pasa beharko dute apalategietara itzuli aurretik.