Kontxako hondartzan itsasgora aurreko eta ondorengo bi orduetan ez egoteko gomendatu du udalak
Sarbideak murriztuko dituzte datorren astetik aurrera, baina hondartza ez dute fisikoki itxiko. Gomendioa betetzeko hiritarren erantzukizuna eskatu du udalak. Bestalde, Ondarreta eta Zurriolako hondartzetan ez da mugarik ezarriko.
Astelehenetik aurrera hiriko hiru hondartzetan eguzkia hartu eta bainatu ahal izango dute herritarrek. Dena den, Kontxako hondartzan itsasgora denean espazioa nabarmen murrizten da eta horrek segurtasun distantziak mantentzeko zailtasunak dakartza. Ondorioz, Marisol Garmendia Gune Publikoko zinegotziak herritarrei eskatu die Kontxako hondartzan ez egoteko itsasgora aurreko eta ondorengo bi orduetan.
Bestalde, Kontxara jaisteko eta hondartzatik irteteko sarbideak mugatuko dituzte. Alde batetik, Cervantes plazan dagoen arrapalatik hondartzara sartu eta irten ahal izango da. Bestetik, Erlojuetan dauden arrapalei dagokienez, Udaletxeko norabidean dagoena Kontxan sartzeko erabili ahal izango da soilik; Ondarretako norabidean dagoena, aldiz, irteteko. Era berean, hondartza osoan irekita egongo diren eskailera bakarrak Eguzki klubaren parekoak izango dira, eta Kontxara sartu eta handik irteteko erabili ahal izango dira.
Ondarretan eta Zurriolan, aldiz, sarbide guztiak irekita egongo dira. Are gehiago, segurtasun eta garbitasun neurriak errespetatzeaz haratago, ez dago bestelako gomendiorik, ez baitute Kontxak duen arazoa itsasgora denean. Edozein kasutan, Garmendiak “gure hondartzak, Kontxa bereziki, arazo ez bihurtzeko herritar guztien kontzientziazioa eta erantzukizuna” azpimarratu du. Gainera, zinegotziak iragarri du oso agerikoak diren kasuetan Udaltzaingoak eskua hartu ahal izango duela.
Datorren asteko mareen informazio osoa jarraian ikus daiteke.
Astelehena, maiatzak 25
- Lehenengo itsasgora: 06:56 (ez egoteko gomendioa 04:56etatik 08:56etara)
- Bigarren itsasgora: 19:09 (ez egoteko gomendioa 17:09etatik 21:09etara)
Asteartea, maiatzak 26
- Lehenengo itsasgora: 07:38 (ez egoteko gomendioa 05:38etatik 09:38etara)
- Bigarren itsasgora: 19:50 (ez egoteko gomendioa 17:50etatik 21:50etara)
Asteazkena, maiatzak 27
- Lehenengo itsasgora: 08:24 (ez egoteko gomendioa 06:24etatik 10:24etara)
- Bigarren itsasgora: 20:38 (ez egoteko gomendioa 18:38etatik 22:38etara)
Osteguna, maiatzak 28
- Lehenengo itsasgora: 09:18 (ez egoteko gomendioa 07:18etatik 11:18etara)
- Bigarren itsasgora: 21:34 (ez egoteko gomendioa 19:34etatik 23:34etara)
Ostirala, maiatzak 29
- Lehenengo itsasgora: 10:20 (ez egoteko gomendioa 08:20etatik 12:20etara)
- Bigarren itsasgora: 22:39 (ez egoteko gomendioa 20:39etatik 0:39etara)
Larunbata, maiatzak 30
- Lehenengo itsasgora: 11:28 (ez egoteko gomendioa 09:28etatik 13:28etara)
- Bigarren itsasgora: 23:50 (ez egoteko gomendioa 21:50etatik 1:50etara)