Musikaren armada
Igande goiza da Konstituzio plazan. Udal Liburutegiko erlojuak 9:00ak jo ditu, eta arkupeetatik lau gizon atera dira. Armada bat izan zitekeen, haiek, soldaduak bezala, espazio publikoan desfilatzen ari direlako. Gudaroste bat izan zitekeen, haiek, soldaduek bezala, aurpegia estalia daramatelako. Gerlariak izan zitezkeen, haiek ere armak dituztelako eskuetan. Baina ez, ez dira soldaduak, musikariak baizik. Hizkuntza militarra hezur-muineraino sartzen saiatu diren denbora honetan, paralelismo hori modu inkontzientean egin, eta ergeltzat hartu dut neure burua une batez. Gero, leihora atera den Erdialdeko auzotar baten txaloek errealitatera itzuli naute. Txistulari Taldearen dianak auzoa esnatu du berriro ere, eta euren armek zoriontasuna besterik ez dutela eragiten konturatu naiz. Musika egiten duen herri bat, ez da inoiz hilko!