Txomiñeneko alokairuko 162 etxeen behin behineko puntuazioak astelehenean argitaratuko dituzte
Guztira 7. 253 onartu ditu Donostiako Etxegintzak. Eskuratutako puntuazioa eta eskaeraren egoera posta elektroniko edo telefono bitartez jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta ekainaren hasieran alegazioak aurkezteko hamar eguneko epea irekiko dute.
Maiatzaren 25ean, astelehenean, Txomiñeneako alokairuko 162 baremazioen emaitzak argitaratuko ditu Donostiako Etxegintzak. Eskaera egin dutenek posta elektroniko edo telefono bitartez mezu bat jasoko dute, euren puntuazioa eta egoera ezagutu eta ikusteko.
Urtarrilean amaitu zen eskaerak egiteko epea, eta Nekane Arzallus Hirigintza Zinegotziaren hitzetan, prozesua espero baino gehiago atzeratu da. Baremazioak argitaratu ondoren, ekaina hasieran hamar eguneko epea izango dute eskatzaileek alegazioak jartzeko. Donostiako Etxegintzako Administrazio Kontseiluak alegazioak entzun ondoren argitaratuko dute behin betiko zerrenda. Dena den, oraindik ez dute data zehaztu.
Onartutako 7.253 eskaerak bederatzi eskatzaile taldetan sailkatu dira. Horietatik ia erdia “orokorrak” taldean sartzen dira, zehazki, 3.475. Bigarren talde handiena emantzipazioa bilatzen dutenek osatzen dute, alegia, 1.532 eskatzailek. Onartutako eskaera kopuru handienetik txikienera ordenatuta, gainontzeko taldeak eta bakoitzean onartutako eskaerak dira: guraso bakarrekoak (781), pentsiodun edo 65 urtetik gorako pertsonak (443), etxebizitza partekatzeko (300), desgaitasun intelektuala (284), mugikortasun urriko pertsonak (191), genero indarkeria (142) eta familia anitza (105).
Prozesuaren beste helburutako bat “hirian etxebizitza eskaera egiten duten pertsonen datuak eguneratzea” zen, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak esan duenez. Prozesua hasi zenean, 30.000 eskatzaile zeuden erregistroan eta horietatik %22a geratu da. “Datu horrek bat egiten du hirian etxebizitza eskaera aztertzen duten hainbat ikerketarekin”, gehitu du Arzallusek.
Kontsulta adierazitako bideetatik egiteko aukera badago ere, aurrez aurreko kontsultak asteartetik aurrera egin ahal izango dira, maiatzaren 26an irekitzen baitu Etxegintzak aurrez aurreko arreta bulegoa. Aurretik eskatutako hitzordua derrigorrezkoa izango da, eta hitzorduko pertsona bakar batek joan ahal izango du.