Harrera Sareak giza kate bat egingo du kalean inor gera ez dadila eskatzeko
Hiritarren Harrera Sareak borrokan jarraitzen du etxegabeei pandemian zehar eskaini zaizkien babes neurriak desegin ez ditzatela eskatzeko. Horregatik, bere kideek giza kate bat egingo dute asteazkenean hiriko erdialdean, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta udalaren egoitzak lotu eta kalean bizi direnentzako harrera duin bat exijitzeko.
Hitzordua 19:00etarako ezarri dute, eta giza katea Gipuzkoa plazatik abiatuko da, gero Bulebarrean, Alderdi Ederren eta Hernani kalean zehar luzatzeko. Ekintza Ez itzazue kalean utzi! lelopean egingo dute, eta parte hartzera animatuko diren herritarrei arropa beltza eta maskarak ekartzea eskatu diete.
Egitasmo honekin batera, egunotan Harrera Sareak beste hainbat ekimen ere sustatu ditu pertsona etxegabeen eskubideak aldarrikatzeko. Nabarmenenak duela zenbait egun argitaratutako manifestua eta sinadura bilketa izan dira, eta horri lotuta, Euskal Herriko aurpegi ezagunekin osatutako bideoa bat ere egin zuten. Gainera, joan den astean udaletxean larrialdiko errekurtsoak mantentzeko mozio bat ere aurkeztu zuten.