Hilabeteko azken ostiraleko presoen aldeko karteladan parte hartzera deitu dute
Konfinamendu neurriak leuntzen doazen heinean, herri mugimenduak ere kaleetako protestak eta agerraldiak berreskuratzeari ekin dio. Ostiralean, hilaren 29an, ostiralero egin ohi duten euskal presoen aldeko kartelada egingo dute Bulebarrean, 20:00etan, eta Sare herritarrak eta Etxeratek bat egingo dute mobilizazioan.
Hain zuzen, bi eragile horiek agerraldia egin zuten atzo Zuloaga plazan, COVID-19a dela eta ezarritako alarma egoerak espetxeetako egoera gogortu duela salatzeko: “Hainbat kasutan, muturreko egoeretaraino eraman dituzte presoen eta euren senideen egoera”, adierazi zuten. Hainbat kasu zehatz ere aipatu zituzten: “Etxeratek argitara eman zuen Julen Atxurra Egurrola euskal presoak jasandako buruko isuriaren kasu larria ere errealitate gordin eta jasanezin honen adierazgarria da. Eta zer esanik ez, Patxi Ruizen egoerari dagokionean, oraindik ere gose greban jarraitzen duena”.
Bi eragileetako ordezkariek eskatu zuten “estatuek euskal presoei ezartzen dieten salbuespen legedia behin betiko bertan behera, ezinbestean eta berehala” uzteko. Halaber, beste lau eskaera zehatz ere plazaratu zituzten: “Euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri behar dira; larriki gaixo diren presoak, hala nola, 65 urtetik gorakoak, askatu behar dira; preso eta senideek dagozkien bisitak berreskuratu behar dituzte; eta gradu progresioa ahalbidetuz, baldintzak betetzen dituzten presoek etxean egon behar dute”.
“Egoerak sortutako urgentzia eta larritasuna dela eta”, mobilizatzera deitu dituzte herritarrak, eta jakinarazi dute Etxerat-en elkarretaratze eta karteladak ostiralean bueltatuko direla. Donostian, esan bezala, Bulebarrean hasiko dute 20:00etan, eta herritarrak mobilizazioan parte hartzera, eta maskararekin joatera deitu dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren eskaera
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak txosten bat igorri die Espainiako Espetxe Erakundeei eta Eusko Legebiltzarrari, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkaritza nagusiaren bidez. Eskatu die Euskal Autonomia Erkidegoko presoak Martutenera, Basaurira eta Zaballara eramateko, eta pandemiaren aurrean, «osasun publikoa prebenitzeko eta babesteko» neurriak direla argudiatu dituzte.
Jonan Fernandezek, Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusiak COVID-19ak eragindako egoera larria nabarmendu du, eta adierazi du eskaeran ez dela bereizketarik egiten “terrorismoagatik eta beste edozein delitugatik zigortutako presoen artean”.
Sare eta Etxeratek atzo egindako agerraldian, positibotzat jo zuten eskaera, baina nabarmendu zuten “berandu samar iritsi dela”. Izan ere, Patricia Velez Etxerateko bozeramaileak azpimarratu zuen, gizarteak eta eragile ugarik “aspaldi” egindako eskaera dela hori. “Gainera zetorkiguna jakinda, aurreikuspen hobeak egin behar zituzten, familia askorengan zalantza ugari eragin baititu egoera honek”, adierazi zuen Velezek.