"Bezeroak gure ogia dira, eta alboan izango ditugula erakutsi digute"
Terrazarik ez dutenez, Antiguako Oliyos tabernakoek joan den astelehenera arte atzeratu behar izan zuten irekiera, baina horrek ez du esan nahi denbora honetan zehar geldirik egon direnik. Izan ere, lokalean zerbitzuak eskaintzeko aukera ezean, maiatza hasieratik etxera eramateko otorduak prestatzen aritu dira, eta ez dute irribarrea galtzeko astirik izan.
Zer moduz zaudete?
Ba, zer esango dizut? Hau holaxe etorri da eta holaxe hartu behar dugu. Gauzak poliki-poliki bueltatuko dira bere lekura, eta bitartean lanean segitzea tokatzen zaigu. Ez da guk aukeratu dugun zerbait, baina zer erremedio! Aurre egin beharko diogu, beti bezala.
Astelehenean berrireki zenuten taberna. Nola ari zarete moldatzen?
Ahal izan dugun modura. Guk ez daukagu terrazarik, baina barnealdea guztiz aldatu behar izan dugu, edukiera erdira mugatuz eta mahaiak jangelan eta tabernan zehar sakabanatuz.
Bezeroei dagokienez, ohitura aldaketa bat gerta daitekeela uste duzu? Poteoan, esaterako.
Oraindik garaiz da halakorik gertatuko den ikusteko. Hemen bezeroek eguerdiko pintxoa eta ardotxoa hartzeko ohitura dute, eta hori agian pixka bat txikitu daitekeen arren, ez da desagertuko.
Beste gauza bat da kuadrillan poteatzen dabiltzanen kasua. Egoera berrian hori zailagoa izan daiteke, baina, nork daki? Nik uste dut pixkanaka dena normaltasunera bueltatzen joango dela.
Zer iruditu zaizkizue erakundeen partetik jaso dituzuen ohar eta irizpideak?
Eromen bat izan da, denetarik entzuten genuelako. Gu behintzat dena betetzen saiatzen ari gara, eta arreta handia eskaintzen diogu garbitasunari, dena ondo desinfektatuta egon dadin. Hemen inork ez dezala ezer txarrik hartu.
Auzoko beste tabernekin indarrak batu dituzue egunotan, ezta?
Bai, harremanetan egon gara behingoz indarrak batu eta elkarren artean laguntzeko. Ingurukoak nola dauden jakin, informazioa partekatu… Halako egoeratan elkar laguntzea ezinbestekoa da.
Auzotarren babesa bezain ezinbestekoa, pentsatzen dut.
Auzotarrak oso gertu sentitu ditugu. Etxera eramateko otorduak prestatzen hasi ginenean, erantzuna oso ona izan zen, eta gainera animo pila eman dizkigute, eta hori oso beharrezkoa zen guretzat. Sinplea dirudi, baina lanean ari zarenean halako animoak entzuten badituzu sekulako indarra jasotzen duzu. Bezeroak tabernarion ogia dira, eta alboan izango ditugula erakutsi digute.
Nola ikusten duzue etorkizuneko panorama?
Garai zailak datoz, bana uste dut auzoan taberna gehienek lanean jarraituko dutela. Aurrera egin eta gaindituko dugu. 2008koa ere zen erraza izan, baina pasatu genuen. Batzuk larriago, beste batzuk ez hainbeste, baina hemen jarraitzen dugu. Eta ziur nago jendea ez dela etxean geratuko. Ni behintzat ez naiz geratzen. Eta bizitzak aurrera egingo duenez, guri lanean jarraitzea dagokigu.